Gizartea -
Travellers' Choice sariak
Martin Berasategui da munduko bigarren jatetxe onena, Tripadvisorren arabera
Bestalde, Travellers' Choice sariek hemeretzigarren tokian sailkatu dute Eneko Atxaren Azurmendi jatetxea.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Tripadvisor bidaia webguneak antolatutako Travellers' Choice sariek bi euskal jatetxe aukeratu dituzte munduko onenen artean. Biak ala biak goi sukaldaritzaren kategorian izan dira sarituak, nahiz eta lehiaketa horrek "arruntagoak" diren jatetxeak ere hautatu dituen.
Guztira, 500 jatetxe saritu dituzte, 2018ko aukera gastronomiko "onena" eskaini dutelakoan. Martin Berasateguiren Lasarte-Oriako jatetxea kokatu da sailkapenean bigarren. Eneko Atxaren Azurmendi, berriz, hemeretzigarren postuan sailkatu dute.
Martin Berasateguik bi Michelin izar gehiago (dagoeneko hamar ditu) lortu zituen azaroan, Bartzelonan duen Oria jatetxeak eta Donostiako eMe Be Garrotek izar bana jaso baitzuten.
Tripadvisorren hautaketara itzulita, Espainia, Erresuma Batua, Frantzia eta Italia dira zerrenda horretako lehenengo 25 postuetan jatetxeren bat duten munduko herrialde bakarrak. Guztien artean, Au Crocodile kokatu da zerrendan goren.
Europako jatetxe onenen kategorian, Diego Guerrero sukaldariaren DSTgE jatetxe madrildarra eta Disfrutar bartzelonarra aukeratu dituzte, eta hogeigarren eta hogeita batgarren postuetan sailkatu dituzte, hurrenez hurren.
Esan bezala, goi sukaldaritzan espezializatuta ez dauden jatetxeak ere saritu dituzte edizio honetan, alegia, menu "arruntagoak" eskaintzen dituzten establezimenduak. Horien artean daude Cambrillseko Al punt, Bartzelonako La Peninsular eta Bellebuon, Avilako Bococo, Valentziako San Tommaso, Segoviako Asador Maribel, Madrilgo Los Montes de Galicia eta MU. El placer de la carne eta Kordobako Taberna Luque.