Gizartea -
EPAIA
Igarle bat kondenatu dute, Bilbon gizon bati 22.600 euroko iruzurra egiteagatik
Emakumeak hainbat zerbitzu eskaintzen zituen 'Cristal' izena erabiliz; tarota, igarpenak eta energia negatiboa kanporatzeko zerbitzua, tartean. Egunkarietan eta telebistan iragartzen zituen.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Bizkaiko Auzitegiak bi urte eta erdiko kartzela zigorra ezarri dio Bilbon gizon bati 22.600 euroko iruzurra egin zion igarle bati. Auzitegiak egiaztatu ahal izan duenez, gizonak dirua eta bitxiak eman zizkion emakumeari urte eta erdiko epean, "magia beltza" baliatuta lana aurkituko ziolakoan. Gizonak arazo psikikoak zituen.
Gaur kaleratutako epaiaren arabera, emakumeak hainbat zerbitzu eskaintzen zituen 'Cristal' izena erabiliz; tarota, igarpenak edota energia negatiboa kanporatzeko zerbitzua, tartean. Halaber, egunkarietan eta telebista iragartzen zituen.
Iragarkia telebistan ikusi ostean, eta, lana topatzeko beharrak bultzatuta, biktima iruzurgilearen kontsultara joan zen martxoaren 9an. Lehen bisita hartan, 600 euro ordaindu zituen kreditu txartelaren bitartez. Hurrengo egunean, kontsultarik pasatu ez eta biktimaren baimenik gabe, beste 600 euroko faktura kobratu zion igarleak gizonari. Epaiaren arabera, 2013ko azarora arte hainbat aldiz hartu zuen gizona bere kontsultan, "modu bidegabean onura ekonomikoa eskuratzeko asmoz".
Diruaz gain, bitxiak (urrezko bi kate eta ezkontza-eraztuna) eta garaje batzuen eskriturak ere eman zizkion gizonak igarleari, ordainetan. Guztira, bitxiak kontuan hartu gabe, 22.687 euroko balioa zuten ondasunak.
Epaiak jasotzen duenez, magia beltza zela eta, "dirua joan bezala etorriko da", esaten zion igarleak biktimari, eta diru gehiago eskatzen zion materiala ordaintzeko.
Epaimahaiaren esanetan, "bereziki gaitzesgarria" da igarlearen jarrera, biktimaren "ezjakintasun eta ahultasuna" baliatu zituelako, eta iruzurrak biktimaren familiaren ondasunari eragin izana deitoratu du.
Hori guztia dela eta, bi urte eta sei hilabeteko kartzela-zigorra eta 22.687 kalte-ordaina ematera kondenatu du igarlea. Biktimaren familiaren ustez, iruzurra 72.000 eurokoa izan zen, baina epaimahaiak 22.687 euroko maula soilik egiaztatu ahal izan du.