Gizartea -
Azken 15 urteotan
Hizkuntza-eskakizuna betetzen duten Osakidetzako langileak seikoiztu egin dira
15.000 langilek parte hartu dute Osakidetzak ordaindutako euskalduntze-ikastaroetan. Bestalde, 240.000 erabiltzailek euskara aukeratu dute Osakidetzarekin harremanak izateko.
Agentziak | Erredakzioa
Azken 15 urteotan seikoiztu egin da lanposturako hizkuntza-eskakizuna betetzen duten Osakidetzako langileen kopurua. Orain dela 15 urte, langileen % 7,6k betetzen zuten hizkuntza-eskakizuna, eta egun, berriz, % 46,6 dira eskatzen zaiena betetzen dutenak, Osasun Sailak, Euskararen Eguna dela eta, jakitera eman duenez.
Erabiltzaileen lehentasunezko hizkuntza-erregistroa 2017an abian jarri zutenetik, 240.000 lagunek euskara aukeratu dute Osakidetzarekin harremanak izateko. Bestalde, erabiltzaileek 6,5ko nota eman diote Osakidetzako langileek euskaraz ematen duten zerbitzuari.
Osakidetzan Euskararen Erabilera Normalizatzeko 67/2003 Dekretuari esker, "euskararen erabilpenean aurrera egin dugu, pixkanaka, baina gelditu barik", esan du Jon Darpon Osasun sailburuak.
Dekretua onartu zenetik, gainera, 15.000 langilek parte hartu dute Osakidetzak ordaindutako euskalduntze-ikastaroetan.