Gizartea -
Gaztelueta auzia
Gazteluetari laguntzak kendu eta zuzendaria botatzea eskatu dio sendiak Jaurlaritzari
Cuatrecasas familiaren ustez, Fiskaltzak ere 'esku hartu beharko luke' auzian, ikastetxeko zuzendaritzak biktimaren kontra 'adierazpen larriak' egin ondoren.
EitB.EUs
Gaztelueta ikastetxeko irakasle baten aldetik sexu abusuak jasan zituen gaztearen familia Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailari zuzendu zaio gaur, ikastetxeko zuzendaritzak biktimaren kontra "adierazpen larriak" egin ondoren, "lehenbailehen eta irmo" neurriak har ditzan. Zehazki, diru laguntza publikoak kentzeko (itunpeko zentroa da Opus Deiren eskola) eta Imanol Goyarrola zuzendaria kargutik botatzeko eskatu dio. Familiaren ustez, Fiskaltzak ere "esku hartu beharko luke", Gazteluetak "biktimari eraso diolako eta pederasta babestu duelako".
Bizkaiko Lurralde Auzitegiak 11 urteko kartzela zigorra ezarri zion irakasle ohiari. Epaia gorabehera, Imanol Goyarrola Gaztelueta ikastetxeko zuzendariak esan zuen hezitzailea "errugabea" zela eta hitz gogorrak izan zituen biktimaren kontra. Goyarrolaren hitzetan, ikasle ohiaren "kontakizuna ez da sinesgarria".
"Akusazio larri horien aurrean", prentsaurrekoa eskaini dute gaur Gazteluetako ikasle ohiaren gurasoek Haron (Errioxa), eta 10 puntuko agiri bat irakurri dute. Dei zuzena egin diote Hezkuntza Sailari, "zuzendaria berehala kargutik botatzeko eta ikastetxeari diru laguntza publiko oro kentzeko" eskatu baitiote, eta neurriak hartzeko eskatu diote Fiskaltzari ere.
Juan Cuatrecasas biktimaren aitak nabarmendu duenez, Gaztelueta ikastetxearen kontra salaketa jartzea aztertzen ari dira familiaren abokatuak.
"Babesten ote du Opus Deik ikastetxea?"
Familiak agirian dioenez, "Zuzenbide estatuetan epaileek ematen dituzte epaiak. Anguisolak eta Goyarrolak aurrekoan egindako adierazpenak entzunda, argi geratzen da ez dituztela epaiak betetzen, ezta errespetatzen ere, eta ez dietela epaileei agintea aitortzen".
Ikastetxeko arduradunen "espektakulu triste eta patetikoa" salatu dute biktimaren gurasoek, eta Opus Deiren babesa ote duten galdetu dute. "Datozen egunetan Opus Deiren prentsa bulegoak adierazpen ofizialik egiten ez badu, ikastetxearen jarrera guztiz babesten duela ulertuko dugu", erantsi dute.
Cuatrecasasen esanetan, Gaztelueta ikastetxeak "alarma soziala" piztu du "epai irmo, arrazoitu eta bikain bati erantzun higuingarria emanda". Biktima eta familia ez ezik, Bizkaiko Lurralde Auzitegiko epaileak eta "abusuen eta sexu-erasoen biktima guztiak" ere iraindu dituela gaineratu du.
"Biktima babestu beharrean", Prelatutza eta Mario Iceta gotzaina auzitik kanpo egon direla salatu du familiak. Are gehiago, ikastetxeak "muga guztiak gainditu ditu", biktimaren aitaren esanetan, "biktimari eraso egiteaz gain, pederasta defendatu duelako". "Gauza bera gertatu da Elizarekin beste herrialde batzuetan: Txilen, Irlandan, Australian, Polonian edota AEBn. Errealitate gordina estali eta erruduna beste leku batera bidali dute —irakasle ohia Australiara bidali zuen Gazteluetak—, horrekin arazoa konponduta balego bezala", salatu du familiak.