Gizartea -
Gaztelueta auzia
Baliteke sexu-abusuak jasan zituen gazteak Gaztelueta ikastetxea auzitara eramatea
Ikasle ohiaren abokatuak aurreratu du ikastetxeko zuzendariak atzo emandako prentsaurrekoaren ondotik hartu dutela erabakia. Irakasle ohiaren "errugabetasuna" defendatu zuen Gazteluetako zuzendariak.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Opus Deiren Leioako Gaztelueta ikastetxean sexu-abusuak jasan zituela salatu zuen gaztearen abokatuak esan duenez, aipatu zentroa auzitara eramatea ikertzen ari da gaztearen familia, ostegunean bertako zuzendariak egindako adierazpenen ondotik.
Leticia de la Hoz abokatua eta biktimaren aita haserre agertu dira Gazteluetako zuzendari Imanol Gayarrolak, Juan Anguisola presidentearekin batera, atzo emandako prentsaurrekoarekin. Izan ere, irakasle ohiarentzat 11 urteko espetxe-zigorra eskatzen duen epaiaren aurka azaldu ziren biak.
Gaztelueta Ikastetxeko zuzendariak gaztearen kontakizunaren sinesgarritasun falta azpimarratu du.
Hain zuzen ere, Goyarrolak kritikatu zuen Bizkaiko Auzitegiak biktimak kontatutakoa sinistea, irakasle ohiak esandakoari kasu egin beharrean.
Gainera, epailearen erabakiari garrantzia kendu zion ikastetxeko zuzendariak, eta irakasle ohiaren "errugabetasuna" babestu zuen, "frogarik eduki gabe" zigortu dutela iritzita. Halaber, salatzailearen aurkako hitzak izan zituen. Zehazki, sexu-gehiegikeriak asmatu zituela eta, arazo psikologiko bat zuenez, "gezurretan" ari zela adierazi zuen.
Gaur, familiaren abokatuak Goyarrola auzitara eramatea aztertzen ari dela iragarri du. Horrekin batera, irakasle ohiaren interneteko konexioen historiak erakutsitakoa ekarri du gogora, hots, biktima bulegora deitzen zuenean emakume biluzien irudiak erakusten zizkiola.
Hori gutxi ez eta, auzitegiko medikuek eta psikologoek kasu honen inguruan esandakoa nabarmendu du. Biek ala biek ondorioztatu zuten mutikoak esandakoa egia zela.
Gaztearen aitak, bere aldetik, adin txikikoak ez zaintzea eta ez babestea egotzi dio ikastetxeari, eta biktimaren "integritatearen eta ohorearen aurkako erasoak" salatu ditu, sexu-abusuen testigantza haurraren ustezko arazo psikologikoekin lotzea "arduragabekeria" dela argudiatuta.