Gizartea -
Esperimentu genetikoa
Genetikoki moldatutako umeek ez dute GIBa izango, zientzialari txinatarraren arabera
Hek esan duenez, esperimentuaren helburua ez zen gaixotasun genetikoak baztertzea, haurtxoak GIB infekzioaz babestea baizik.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
He Jiankui zientzialari txinatarrak bi haurtxoren geneekin egindako esperimentua babestu du, genetikoki manipulatutako munduko lehenengo ume horiek zenbait gaixotasun pairatzea saihestu duela argudiatuta.
"Ikerketak emaitza eraginkorrak eman ditu, eta zientzia komunitatearen esku utzi dut, goitik behera azter dezan", esan du He Jiankuik Hong Kongeko Unibertsitatean giza genomari buruz emandako bigarren hitzaldian.
Zientzialariak onartu egin du bere esperimentua ez zuela erakunde ofizial batek bermatu, baina argi utzi du genetikoki manipulatutako bikiak, Lulu eta Nana, "osasuntsu eta zoriontsu" jaio zirela, geneak aldatzeko teknologiaren bidez eta in vitro ernalketa baliatuta. Gainera, manipulazio genetiko horri esker GIBdun izatea saihestu duela esan du.
Horregatik, CRISPR/Cas9 teknikaren erabilera justifikatu du He Jiankuik, eta berretsi du esperimentuaren helburua ez zela gaixotasun genetikoak baztertzea, haurtxoak GIB infekzioaz babestea baizik.
"Jende horrek laguntza behar du, eta horretarako teknologia dugu", adierazi du. Horren arabera, bikien gurasoek eman zioten esperimentua egiteko baimena, horren arriskuen jakitun izanda.
GIBarekin lotutako terapietan aurrerapausoak izan diren arren, infekzio berriak arazo larria dira, oraindik ere, herrialde askotan, bereziki, gutxiago garatu diren horietan.
Bitartean, astelehenean Hong Kongeko Unibertsitateak iragarri zuen zientzialari txinatarra ikertu egingo duela, esperimentu horrekin legeak edota arauak urratu dituen ala ez argitzeko.