Gizartea -

AZAROAK 27

Zer da 'Giving Tuesday'?

2012an jaiotako eta NBEk bultzatutako ekimen solidarioa da 'Giving Tuesday'. Azaroaren 27an ospatzen da mundu osoan, 'Black Friday' eta 'Cyber Monday' kanpaina komertzialei erantzuteko asmoarekin.

Argazkia: 'Giving Tuesday' Twitter
Argazkia: 'Giving Tuesday' Twitter
Argazkia: 'Giving Tuesday' Twitter

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

'Giving Tuesday' ekimen solidarioa azaroaren 27an ospatzen da mundu osoan. Besteak beste, 'Black Friday' eta 'Cyber Monday' kanpaina komertzialei erantzuteko asmoarekin jaio zen. Espainian, 260 proiektu inguru ditu, eta hainbat erakunderen babesa jaso du.

Edozein pertsona, familia, fundazio, gizarte erakunde, instituzio publiko, ikastetxe, unibertsitate edo enpresari zuzenduta dago. Izan ere, www.givingtuesday.es plataformaren bidez, edonork har dezake parte.

Bertan izena eman duten proiektuek kausa sozial ezberdinekin dute zerikusia, eta horietako batzuk kausa bat baino gehiagorekin daude lotuta. Bereziki, haurrekin eta gazteekin lotutakoek dute arrakasta, baina osasunarekin, gizarte bazterketarekin, ezintasunein, hezkuntzarekin, kulturarekin, nazioarteko lankidetzarekin eta giza eskubideekin zuzenean lotuta dauden egitasmoak ere badaude.

Horrez gain, emakumeekin, enplegu eta gizarte integrazioarekin, adinekoekin eta ikerketarekin zerikusia duten proiektuek eman dute izena.

Gauzak horrela, parte-hartzaileen araberakoa da kanpainaren arrakasta, alegia, zenbat eta norbanako, talde eta enpresa gehiago izan, orduan eta harrabots handiagoa lortzen du egitasmoak.

Aurten, 2017ko ekarpenak gainditzea da antolatzaileen helburua. Hain zuzen ere, iaz 601.202 euro jaso zituzten egun bakarrean, plataforma horretan aurkeztutako 310 proiekturi esker. 2018an, milioi bat euroko ekarpena lortu nahi dute.

2012an jaio zen

Nazio Batuen Erakundeak sustatutako mugimendu globala da 'Giving Tuesday'. 2012an jaio zen AEBn, baina Espainiara ez zen 2015era arte iritsi. Guztira, 70 herrialderen babesa du ekimen solidario horrek.

Aurtengo leloa

"Eman denbora, elikagaiak, arropa, odola... eman orain" leloa erabili dute 2018ko 'Giving Tuesday'rako. Aurten, gainera, bi berritasun dakartza. Alde batetik, tokian tokiko liderrek hartuko dute parte, herritarrak edota erakundeak erakartzeko. Bestetik, #YoDonoPorque lehiaketa abiatu dute.

Enpresen eta Gobernuz Kanpoko Erakundeen arteko elkarlana

DKV Seguros eta Schneider Electric dira #GivingTuesday2018 ekimena bultzatu duten enpresak.

Erakundeei dagokienez, Gosearen aurkako Ekintza, ACNUR, Minbiziaren kontrako Espainiako Elkartea, Fundazioen Espainiako Elkartea, Anesvad, Banc de Sang i Teixets, Bill&Melinda Gates, Gurutze Gorria, Educo, Leuzemiaren aurkako Josep Carreras Fundazioa, Munduko Medikuak, Mugarik Gabeko Medikuak, La Caixa Gizarte-Ekintza eta Oxfam Intermon dira bultzatzaile nagusiak.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
NBE Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Black Friday