Gizartea -
Hilketaren 20. urteurrena
'20 urte eta gero, Aitor Zabaletari ez zaiola justizia egin' salatu dute Donostian
Atletico Madrileko ultraeskuindar batek labankadaz hil zuen Aitor Zabaleta futbolzale 'txuriurdina'. Ehunka lagunek manifestazioa egin dute Gipuzkoako hiriburuan.
EITB.EUS
Realeko zaleek eta peñek manifestazioa egin dute abenduaren 9 honetan Donostian, Aitor Zabaleta futbolzale 'txuriurdinaren' hilketaren 20. urteurrenaren harira. Adin guztietako ehunka realzle bildu dira manifestazioan, eta "Aitor Zabaleta gogoan", "gurekin zaitugu" eta faxisten kontrako oihuak entzun dira ibilbidean zehar.
Duela 20 urte Ricardo Guerra Atletico Madrileko ultraeskuindarrak labankadaz hil zuen 28 urteko Zabaleta, Madrilen, Vicente Calderon zelaiaren inguruetan. Madrilgo Probintzia-Auzitegiak 17 urteko espetxe-zigorra ezarri zion Guerrari; horrek helegitea aurkeztu zuen, baina 2001an Auzitegi Gorenak zigorra berretsi egin zuen. 2012an, kilo eta erdi haxix kartzelara sartu nahian harrapatu zuten baimen baten ostean. Berez, 2023an beteko luke kartzela-zigorra.
Aitor Bizirik plataformak deitu du gaurko manifestazioa. 16:30ean abiatu dira Boulevardetik Anoeta futbol-zelaira bidean. "Bere memoriak bizirik darrai, herriak memoriaren garra piztuta mantendu duelako. Hori dela eta, aurtengoa berezia izatea nahi dugu", esan dute plataformako ordezkariek hasieran. "'20 urte eta gero, Aitor Zabaletari ez zaiola justizia egin" salatu dute eta "talde batzuk dena libre" dutela ere bai.
Anoetako estadioan, Aitor Zabaleta kirol-indarkeriaren biktimaren izena daraman harmailaren aurrealdean, lore-eskaintza egin dute.
Manifestazioarekin batera, futbito lehiaketa eta herri-bazkaria ere izan dira gaur Donostian.
Futbito partidako partaideak, goizean. Argazkia: Euskadi Irratia
Iker Zabaleta, anaia, elkarrizketatu dute gaur Euskadi Irratian eta hark eskertu egin du urte hauetan guztietan jaso duten jendearen babesa.