Gizartea -

Zigor Kodea

Gidarien arduragabekeriak gogorrago zigortzea onartu du Diputatuen Kongresuak

Gainera, jokabideok eragindako lesioak berriz zigortuko ditu erreformak, eta delitu berri bat aitortuko du: istripuaren lekutik ihes egitea.

Istripu bat. Artxiboko argazkia: Foruzaingoa
Istripu bat. Artxiboko argazkia: Foruzaingoa
Istripu bat. Artxiboko argazkia: Foruzaingoa

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gidarien arduragabekeriak gogorrago zigortzeko Zigor Kodearen erreforma onartu du gaur Diputatuen Kongresuak. Unidos Podemosek kontrako botoa eman du, eta EH Bildu abstenitu egin da. Horrela, aurrerantzean gehiegizko abiadura eta droga edo alkohol kontsumoa larrigarriak izango dira. Gainera, jokabideok eragindako lesioak berriro zigortuko ditu erreformak, eta delitu berri bat aitortuko du: istripuaren lekutik ihes egitea.

Ekimena bultzatu duten kolektiboen (istripuetako biktimak eta txirrindulariak) aldarrikapen nagusiak jaso dituzte. Biktimaren osasun fisiko edo mentalari kalte egiten dioten lesioak Zigor Kodearen “arduragabekeria larri txikien” artean sailkatzea nahi zuten.

Lesioak hiru eta hamabi hilabeteko isunekin zigortuko dituzte. Zigor Kodearen azken erreforman ezabatu zituen PPk 2015ean. Biktima eta txirrindularien hitzetan, ezbeharren % 90 dira.

Ez da zuhurtziagabekerien kalifikazioan egin den aldaketa bakarra. “Arduragabekeria larriak” hiru hipotesi hartuko ditu orain: gehiegizko abiaduragatik bide-segurtasunaren aurkako delitu bat egiten denean, drogen eraginpean egiten denean edo alkoholaren eraginpean.

Orain arte, arduragabekeria larria, larri txikia edo arina izan ote den epaileak erabakitzen zuen, gertakariaren inguruabarrak aztertuta. Araudi berriarekin, hiru hipotesietan ez da irakurketarako tokirik izango eta zuhurtziagabekeria larria izango da edozein kasutan. Zigorrak lau urtetik bederatzira pasako dira.

Bestalde, istripuaren lekutik ihes egitea delitu izango da Zigor Kodean. Ezbeharraren tokitik ihes egitea, gidariak arduragabekeriaren bat egin duenean, sei hilabete eta lau urte arteko espetxe-zigorrekin eta gidabaimena 1-4 urtez kenduta zigortuko dute. Hala ere, sorospen-eginbeharra ez betetzea “ustekabekoa” denean, zigorra sei hilabetera murriztuko da.

Zigor Kodea aldatzeko #Porunaleyjusta kanpaina hasi zuten istripuetako biktimen senitartekoak Diputatuen Kongresuko eztabaidan izan dira. Era berean, txirrindularien elkarteetako ordezkariak gonbidatuen tribunan egon dira, Perico Delgado txirrindulari ohia, besteak beste.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Trafiko Istripuak Trafikoa Diputatuen Kongresua Espainia Gizartea Eguneko albisteak Albisteak