Gizartea -

Bizkaiko Probintzia Auzitegia

Gazteluetako irakasle ohiak aske jarraituko du epaia irmoa izan arte

Bizkaiko Probintzia Auzitegian egin den bistan, epaileak atzera bota du 'berehala' espetxeratzeko akusazio partikularrak egindako eskaera, ihes egiteko arriskurik ez dagoela iritzita.

Ikasle bati egindako sexu abusuengatik zigortutako Gazteluetako irakasle ohia. EFE
Ikasle bati egindako sexu abusuengatik zigortutako Gazteluetako irakasle ohia
Gazteluetako irakaslea ez da oraingoz espetxean sartuko

AGENTZIAK

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ikasle bati sexu-abusuak egiteagatik zigortutako Gazteluetako irakasle ohiak behin-behinean aske jarraituko du, Auzitegi Gorenak bere iritzia eman eta epaia irmoa izan arte.

Bizkaiko Probintzia Auzitegian gaur egin den bistan erabaki behar zuen epaileak Gazteluetako irakasle ohia espetxeratu ala ez. Zigortutako gizonezkoa "berehala" espetxeratzeko eskatu zuen biktimaren abokatuak. Dena den, epaileak eskaera hori atzera bota du, ihes egiteko arriskurik ez dagoela iritzita.

Hala ere, epaileak kautelazko neurriak ezarri dizkio: pasaportea erretiratu dio eta astero agertu beharko du epaitegian.

Eduardo Ruiz de Erenchun defentsa abokatuak iragarri duenez, kasazio helegitea prestatzen ari da eta laster aurkeztuko du errekurtsoa Auzitegi Gorenean. Bere bezeroarentzat absoluzioa eskatuko duela aurreratu ostean, Gorenak absoluzio gutxi ebazten dituela aitortu du. Kontuak kontu, 11 urteko kartzela zigorra 3 edo 5 urtean jaisteko itxaropena agertu du. Epeei dagokienez, Gorenak kasazio helegitea ebazterako urtebete inguru igaroko dela azpimarratu du.

Leticia de la Hoz akusazioaren abokatuaren esanetan, biktimaren familia gustura dago epaiarekin, baina zigorraren larritasunagatik egin zuen kondenatua "berehala" espetxeratzeko agindua. "Ez da ezer gertatzen espetxera orain edo urtebete barru sartzea", gaineratu du. Gainera, kasazio helegitea bederatziko hilabetean ebaztea espero du.

Urriaren 22an eman zuen aipatu auzitegiak kasu honi buruzko epaia, eta 2008-2009 eta 2009-2010 ikasturteetan ikasle bati egindako sexu-abusuengatik zigortu zuten bertan irakaslea.

Epaiaren arabera, 11 urteko espetxe-zigorra, beste horrenbeste urteko inhabilitazioa eta hamabost urtez biktimarengana gerturatzeko debekua ezarri zizkioten.

 

 

 

 

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bizkaia EAE albisteak Delituak azken ordukoa Epaiketak Gizartea Eguneko albisteak Leioa Albisteak Umeak Sexu erasoak gaur Irakasleen albisteak Gotzain Biltzarraren albisteak gaur Eliza Katolikoa eta abusuak