Gizartea -

Eusko Legebiltzarra

Indarkeria matxista pairatzen duten adineko emakumeentzako hobekuntzak eskatu dituzte

Salaketa gutxien jartzen dituzten emakumeak adindunak dira. Indarkeria matxistaren ondorioz, 2002 eta 2017 urte artean, EAEn hildako emakumeen % 30,95ek 50 urte baino gehiago zituzten.

Indarkeria matxistaren aurkako protesta bat. Artxiboko argazkia: EFE
Indarkeria matxistaren aurkako protesta bat. Artxiboko argazkia: EFE
Indarkeria matxistaren aurkako protesta bat. Artxiboko argazkia: EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Indarkeria matxista pairatzen duten adineko emakumeei bideratutako detekzio goiztiarreko sistemak eta arreta-prozesuak "hobetzeko" eskatu dio Eusko Legebiltzarrak Eusko Jaurlaritzari.

Eskaera hori Legebiltzarrak ostegun honetan onartutako behin betiko ebazpen batean jasota dago. Elkarrekin Podemosek indarkeria matxistei eta adineko emakumeei buruzko mozioa aurkeztu du gaur Legebiltzarreko Osoko Bilkuran.

Alderdi guztiek onartu dute aho batez indarkeria matxista pairatzen duten emakumeei ematen zaien arreta hobetzeko emendakina; bereziki, adineko emakumeek jasotzen duten laguntza azpimarratu dute.

Emakundek emandako eta Elkarrekin Podemosek zabaldutako datuen arabera, indarkeria matxitaren ondorioz, 2002 eta 2017 urte artean, EAEn hildako emakumeen % 30,95ek 50 urte baino gehiago zituzten, eta 50 urtetik gorakoak ziren.

Hala ere, adineko emakumeak dira genero indarkeria pairatu izana gutxien salatzen dutenak, Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailaren arabera.

"Euskal gizartearen garapenean adineko emakumeek egindako ekarpen historikoa eta egungoa" aintzat hartzea eskatu dio Legebiltzarrak Eusko Jaurlaritzari

Hori horrela, "euskal gizartearen garapenean adineko emakumeek egindako ekarpen historikoa eta egungoa" ezagutzera ematea eta aintzat hartzea eskatu dio Legebiltzarrak Urkulluren Gobernuari. Horretarako, ekitaldiak, tailerrak eta kanpainak abiatu beharko ditu Jaurlaritzak 2019 eta 2020 urteen artean.

Indarkeria matxista mota ezberdinak daudela eta horien ingurukoak gizarteari erakustea ere eskatu dio Legebiltzarrak Jaurlaritzari. Horretarako, heziketa eta eztabaida espazioak sortu beharko dituzte, baita 'Jabetuz' indarkeria matxistaren aurkako proiektuaren bidez ere landu ahal izango dute.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Indarkeria matxista Eusko Jaurlaritza Eusko Legebiltzarra Euskal Autonomia Erkidegoa Gizartea Indarkeria matxistaren biktimak Eguneko albisteak Albisteak Tratu txarren biktimak Matxismoa Adinekoak gaur