Gizartea -

Trafikoa

Mugaren itxierak kamioi ilara luzeak sortu ditu AP-8 autobidean

Gipuzkoako Foru Aldundiak salatu du Frantziako Gobernua ez dela "ezer" egiten ari. Ondorioz, Gobernuaren pasibotasuna gipuzkoarrek ordaintzen dutela kritikatu du.

6 kilometroko kamioi ilarak AP-8 autobidean. Argazkia: Trafiko Zuzendaritza
6 kilometroko kamioi ilarak AP-8 autobidean. Argazkia: Trafiko Zuzendaritza
Kamioi ilara luzeak AP-8an, Irungo muga itxi ostean

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Piketeek Ipar eta Hego Euskal Herriaren arteko muga blokeatu dute, Baionako noranzkoan. Hain zuzen ere, gauerdian itxi dute muga kamioientzat, arratsalderako zabaldu badute ere, hamahiru kilometroko pilaketak eragin ditu AP-8 autobidean.

Trafiko Zuzendaritzak eitb.eus-i jakitera eman dionez, kamioi ilarak N-121 errepideraino iritsi dira. Horregatik, trafikoa zuzentzen duten Foruzaingoaren eta Ertzaintzaren agenteek pilaketen berri eman dute, ingurua seinaleztatuz. Gainera, Euskal Autonomia Erkidegoan eta Nafarroan informazio panelen bidez ohartarazi dute trafikoaren egoeraz.

Kamioi-ilarak 14 kilometrokoak ziren 16:30 aldera, muga zabaldu eta handik 90 minutura, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakitera eman duenez.

N-636 errepidean ere izan du eragina, Txingudiko biribilgunearen parean eta Ventas ordainlekuan. Oro har, Irungo errepide guztietan daude auto ilarak.

Egoera hori ikusita, Ipar Euskal Herrira joan nahi dutenek beste bide batzuk aukeratzeko gomendioa eman dute.

Frantziako Gobernuak muga ixteko erabakia hartu zuen astelehenean, erregaien prezioen igoera dela eta 'txaleko horiek' abiatutako protesten harira.

Gipuzkoako Foru Aldundiaren ustez Frantziak ez du pilaketak saihesteko "ezer" egiten

Gipuzkoako Foru Aldundiak salatu du Frantziako Gobernua ez dela "ezer" egiten ari, Ipar eta Hego Euskal Herriaren arteko mugan sortu diren trafiko arazoak saihesteko. Ondorioz, Gobernuaren pasibotasuna gipuzkoarrek ordaintzen dutela kritikatu du.

Imanol Lasa Aldundiko bozeramailearen esanetan, kamioi ilara luzeek "arazo larria" eragin dute. Izan ere, aldika soilik uzten diete kamioiei muga pasatzen.

Lasak adierazi du Aldundiak "ezer gutxi" egin dezakeela, ordainlekuko kabina denak zabalik edukitzea salbu. Frantziak, ostera, ez du inolako neurririk hartu.

Mugaren itxierak garraiolarien "lan-eskubideak" ezabatu dituela salatu du Hiruk

Mugaren itxierak garraiolarien “lan-eskubideak ezabatzen” dituela salatu du Hiru sindikatuak. Frantziako mugan orduak eta orduak itxaroten eman dituzte ehunka kamioik, Parisek muga itxi ondoren, “aldez aurretik inolako abisurik” eman gabe, sindikatuak agiri batean kritikatu duenez.

Gainera, garraiolariek lan egiteko aukerarik ez duten bitartean, autoak muga “inolako arazorik gabe” zeharkatzen ari dira. “Guk ez molestatzeko N-Ieko errei bat ere itxi egin dute”, erantsi du Hiruk.

Sindikatuaren hitzetan, garraiolariak “ikusezin” bihurtu nahi dituzte. “Jendarmeak muga Frantziako trafikoa arautzeko erabiltzen ari dira”, adierazi du Hiruk. “Beste behin ere ilaretara bidali gaituzte errepideetan. Gure lan-eskubideak ezabatu dituzte berriro”, kritikatu du.

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Trafiko Istripuak Trafikoa Iparraldea Baiona Gizartea Eguneko albisteak Irun Albisteak A-8 Autobidea