Gizartea -

TIRO POLIGONOA

Bardeako tiro eremuaren kontra bildu dira ehunka pertsona Tuteran

Espainiako Defentsa Ministerioaren eta Bardeako Batzordearen artean 2008an sinatutako alokairua automatikoki luzatuko da abenduan. Horren kontra bildu dira Bardeak Libre 2018 plataformak deituta.

Manifestazioa gaur, Tuteran. Argazkia: EiTB
Manifestazioa gaur, Tuteran. Argazkia: EiTB
Manifestazioa gaur, Tuteran. Argazkia: EiTB

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Manifestazioa egin dute gaur Tuteran, Errege Bardeako Tiro Eremua handik kentzea eskatzeko. Ehunka lagun bildura dira Bardea Libre 2018 plataformak deituta.

Foruen Plazatik abiatu da protesta eguerdian eta hiriko kale nagusiak zeharkatu dituzte udaltzainek zainduta, "militarrak Bardeatik kanpora" eta "Bardeak herriarentzat" gisako oihuen artean.

Manifestarien artean ziren Laura Perez (Orain Bai) eta Rafael Eraso (Geroa Bai) parlamentariak, Maria Cariñena (Cintruenigo), Patrizia Lorente (Tutera) eta Cesar Alba (Cortes) zinegotziak, zein David Alvarez Castejongo alkatea, besteak beste.

Espainiako Defentsa Ministerioaren eta Bardeako Batzordearen artean 2008an sinatutako alokairua automatikoki luzatuko da abenduan, eta horren aurrean, "oraintxe" dela "tiro poligonoaren kontrako jarrera irmoa erakusteko garaia" esan dute plataformatik. "Kontratu itxia eta inposatua" dela ere salatu dute, "herritarrei ez zaie inoiz gai honen inguruan galdetu, eta Bardeak erabili eta gozatzeko eskubidea duten inguruko bizilagunei lapurreta egitea suposatzen du horrek" gehitu dute.

Hitzarmen honen ondorioz "erabilera militarrak dakartzan arriskuez" ere ohartarazi dute.

"Bardeako Batzordeak Defentsarekin honelako kontratuak sinatzeko duen zilegitasuna zalantzan" jarri nahi izan dute, "ez baita batzorde demokratikoa, ezta tiro eremuak eragiten dion gizartearen ordezkari ere". Plataformakoen iritziz, "ez da gardena funtzionamenduan" eta "jauntxokeria bultzatzen du Bardeako baliabide ekonomikoak kudeatzerako garaian".

Horregatik guztiagatik, "eztabaida irekitzeko" eskatu dute eta azpiegitura honen aurka agertu izan diren erakundeei "hitzetatik haratago joateko" eskatu diete.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nafarroa Tutera Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Manifestazioak