Gizartea -

PROTESTA

Performancea egin dute Guggenheimen, 'Iruña-Veleiako injustizia judiziala' salatzeko

10 urte beteko dira astelehen honetan, Lurme enpresari iruzurra egitea leporatu, eta indusketatik bota zutela. Laster bi arduradun epaituko dituzte.

Performancea Guggenheim Bilbao barruan. Argazkia: Iruñea-Veleia Argitu
Performancea Guggenheim Bilbao barruan. Argazkia: Iruñea-Veleia Argitu
Performancea Guggenheim Bilbao barruan. Argazkia: Iruñea-Veleia Argitu

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Iruña-Veleia Argitu plataformako kideek performance bat egin dute Bilboko Guggenheim Museoaren barruan, "bidegabekeria judiziala" salatzeko eta Iruña Okako aztarnategian aurkitutako grafikoen "datazioa eskatzeko".

Oharra kaleratu du plataformak grafito horiek faltsuak direnik ukatuz. Datorren azaroaren 19an, Lurmen enpresa kanporatu zutenetik 10 urte betetzen dira eta "urte guzti hauetan ez dela "ganorazko proba zientifikorik egin gaia behingoz argitzeko" ohartarazi dute

Laster Eliseo Gil eta Oskar Eskribano arkeologoak "arrazoirik gabe" epaituko dituztela adierazi dute: "Herrialde batzuetako zientifikoek egindako 20 txosten eta irizpen baino gehialagok grafitoak egiazkoak izan daitezkeela erakutsi digute eta gainera, hasieran egin ziren faltsukeriaren aldeko txostenetako argudioak hankaz gora bota dituzte.(Harris, Ulrike, Colmenero, Elexpuru, Baxarias, Knnör…)".

Gaur Bilboko Guggenheimen egindako protestan hainbat grafitoren irudiak erakutsi dituzte, euren garrantzia azpimarratzeko.

"Bidegabekeria handi bat salatu nahi izan dugu. Orain dela hamarkada luze Lurmen taldeak 1.700 urte izan ditzaketen grafitoak topatu zituzten, euskaraz eta latinez, baina kanporatu egin zituzten eta haien kontrako kereila jarri zuten. Irakasle gutxi batzuen iritzietan oinarritu ziren baina gerora egin diren 20 txosten baino gehiagotan iritzi horiek oker zeudela ikusi da. Orain kaleratutako Eliseo Gilek eta Oskar Eskribanok 6 urteko espetxe zigorra eta 300.000 euroko isun eskaerak dituzte laster egongo den epaiketan. Froga zientifikorik gabe bi arkeologo inputatuta egotea onartezina da" hausnartu dute.

Urteurrenarekin bat eginez, internet bidezko sinadura bilketa ere jarri dute abian "Arkeometrian aditu diren laborategi europarrek pieza horiek aztertu ditzatela" eta kasua behin betiko argitzea eskatzeko.

Sinatzaileen artean, daude, besteak beste: Benito Lertxundi, Eñaut Elorrieta, Alex Sardui, Aiora Renteria, 'La Txula Potra'eta Fermin Muguruza musikariak; Garbiñe Biurrun epailea; Ramon Agirre aktorea; Pako Aristi, Edorta Jimenez eta Paulo Agirrebalzategi idazleak; Xabier Amuriza, Amets Arzalluz eta Andoni Egaña bertsolariak; Juan Gorriti eskultorea; Aitzol Atutxa aizkolaria etab.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilbo Guggenheim Araba Iruzurrak Epaiketak Gizartea Eguneko albisteak Azken kultur albisteak Albisteak Historia Iruña Oka Arabako Ibarrak Eskualdea