Gizartea -

zientzia

Kiloa neurtzeko modua aldatzea erabaki dute nazioarteko adituek

Kilogramoa neurtzeko sistema berria maiatzaren 20an sartuko da indarrean. Egun horretatik aurrera, formula matematiko baten bitartez zehaztuko da zenbat den kilogramo bat.

Azken 130 urteotan Parisen egon den platino-iridio puska. Argazkia: EFE
Azken 130 urteotan Parisen egon den platino-iridio puska. Argazkia: EFE
Azken 130 urteotan Parisen egon den platino-iridio puska. Argazkia: EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Orain arte kilogramoa neurtzeko erabili izan den modua aldatzea erabaki dute nazioarteko adituek. 1960an Nazioarteko Unitate Sistema (SI sistema) ezarri zutenetik, inoiz egindako aldaketarik nabarmenena da. Hala, sistema horrek dituen oinarrizko zazpi unitateetatik lautan hainbat moldaketa egingo dituzte.

Gauzak horrela, kiloa neurtzeko sistema berria maiatzaren 20an sartuko da indarrean, hau da, Metrologiaren Nazioarteko Egunean. Egun horretatik aurrera, formula matematiko baten bitartez zehaztuko da zenbat den kilogramo bat. Ondorioz, orain arte horretarako erreferentzia izan den zilindroa  (azken 130 urteotan Parisen egon den platino-iridio puska bat) alde batera utziko dute.

Pisu eta Neurrien Batzar Orokorrean ordezkatuta dauden 60 herrialdeetako ordezkariek aho batez onartu dute erabakia, hiru egunez aldaketa horren inguruan hitz egin ostean. Aurtengoa, 26. Batzar Orokorra izan da.

“Metrologiari dagokionez, aurtengo batzarra historikoa izan da, hartutako erabaki horrek aldaketa sakona ekarriko duelako oinarri zientifikoan, baita mundu mailako ekonomia trukeetan ere”, azpimarratu du Sebastien Candel Frantziako Zientzien Akademiako presidenteak batzarra amaitutakoan egindako agerraldian.

Kilogramoa neurtzeko orain arte erabili izan den zilindroa “Kilo Handia” bezala ezaguna da. Alabaina, nazioarteko adituen arabera, platino-iridio puska horrek 50 mikrogramo galdu ditu azken urteotan, oraindik argitzeke dauden arrazoiak direla eta. Gauzak horrela, gaur egun baliteke kiloaren erreferentzia okerra izatea, harri horrek ez baitu kilo bat pisatzen. Arrazoi horregatik, kiloa neurtzeko beste modu zehatzago bat bilatu dute.

Kilogramoaren oinarrizko unitatearekin batera, adituek moldaketa batzuk egitea adostu dute ampere (intentsitate elektrikoa), kelvin (tenperatura termodinamikoa) eta mol (substantzia kantitatea) unitateetan. Dena dela, metroa (luzera) eta kandela (argi-intentsitatea) ez dituzte aldatuko, baina haien esanahiak moldatuko dituzte.

Onartu berri duten aldaketa horri esker, zehaztasun handiagoz jakingo da zenbat den kilo bat, batez ere kimikan eta fisikaren munduan (farmazian, azterketa medikuetan, satelite bidezko nabigatzaileetan edota kiroletan). Gainera, nazioarteko merkatuetan trukaketak zehaztasun handiagoz egitea baliatuko du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Munduko albisteak 2024 Gizartea Eguneko albisteak Gaurko azken orduko albistea Zientzia Zientziaren hedapena