Gizartea -
SUIZIDIOA
Bi ordu eta erdiz behin pertsona batek bere buruaz beste egiten du Espainian
Guztira, batez beste, egunean 10 eta urtean 4.000 pertsona hiltzen dira. Heriotza horiek saihesteko prebentzioa sustatzea aldarrikatu du Suizidiologia Elkarteak.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Bi ordu eta erdiz behin pertsona batek bere buruaz beste egiten du Espainian. Guztira, batez beste, egunean 10 eta urtean 4.000 pertsona suizidatzen dira. Errealitatea horren aurrean, Andoni Ansean Espainiako Suizidiologia Elkarteko presidenteak prebentzioan jarri du azpimarra.
Hedabideen aurrean egindako adierazpenetan azaldu duenez, urtean 4.000 pertsona hiltzen dira, trafiko istripuetan hiltzen direnen bikoitza eta genero indarkeriagatik hiltzen direnak baino 80 aldiz gehiago.
Andoni Anseanen esanetan, behin baino gehiagotan beren buruaz beste egiten saiatzen den hori arreta eske dabilela pentsatu izan da. Aitzitik, atentzio bila baino laguntza eske ari dela azpimarratu du.
Suizidatzen diren pertsonen profilari dagokionez, gehienak sufritzen ari dira eta egoera horri bilatzen dioten aukera bakarra da suizidioa. "Alternatiba gehiago ere badaude eta hori ikusarazi behar zaie".
Bestalde, suizidioaz hitz egiteko deia egin die Anseanek hedabideei. Urte askoan, suizidioen inguruan hitz egiteak "dei-efektua" sorrarazi zezakeela uste izan da. Osasunaren Mundu Erakundearen esanetan, alabaina, prebentzio modurik onena informazio egokia banatzea da.