Gizartea -
Sexu-abusuak
'Ahal duen bitartean' epaia errekurrituko du Gazteluetako irakasle ohi zigortuak
Biktimaren kontakizuna “egia ez” denaren uste sendotik sententziari helegitea aurkeztuko diotela ziurtatu du defentsako abokatuak.
Agentziak | Erredakzioa
“Ahal duen bitartean” epaia errekurrituko duela iragarri du Gaztelueta ikastetxeko irakasle ohi zigortuak. Bizkaiko Auzitegiak 11 urteko espetxe-zigorra ezarri dio, 2008-9 eta 2009-10 ikasturteetan ikasle bati egindako sexu-abusuengatik. Ikasleak 12-13 urte zituen orduan.
Komunikabideei igorritako gutunean, “zalantzarik gabe”, bere bizitzako “unerik gogorrena” izaten ari dela aitortu du zigortuak. “Ebazpen judizial baten ondoren ni sinestea zaila dela ulertzen dut, baina ez dizkiot sekula inori sexu-abusuak egin, egia hutsa hori da“, ziurtatu du.
Azken urteak “nahigabeturik” eman dituela azaldu du irakasle ohiak, akusazio “faltsuen” aurrean, “hurbilekoek eta maitatuek zalantzak” izango zituztenaren jakitun zelako. “Egoera beldurgarri honetan, epaiketan pentsatzeak nolabaiteko itxaropena eman zidan”, erantsi du.
Abokatuak aholkatuta denbora guztia isilik eman duela esan du zigortuak. Bere “errugabetasuna” defendatzeko toki egokia epaitegiak zirela uste zuen. “Komunikabideetan argitaratutako faltsukeriengatik ikaragarri” sufritu duela adierazi du irakasle ohiak. “Ezagutzen ez nituen pertsona asko errudun nintzela esaten entzun nituen epaiketan, batere frogarik aurkeztu gabe, mutikoaren testigantzari soilik sinesgarritasuna emanez”, deitoratu du.
Errugabea dela errepikatu du irakasle ohiak. “Beste aldearen nahigabea, eskaera eta salaketen aurrean bihozgabea” ez dela esan du zigortuak, baina “nahiz eta izugarriak edo gogorrak iruditu, ez da egia!”.
Gainera, “denbora guzti honetan zehar” gurasoek eta anai-arrebek “ikaragarri” sufritu dutela gogorarazi du: “Epaiaren berri izan dutenean hautsi dira”, eta “zenbateraino eragin diezaiekeenagatik” izututa agertu da.
“Nire bizitza suntsitu duen infernu honetan aurkitzen dudan kontsolamendu bakarra, Jainkoa nire errugabetasunaren lekuko dela jakitea da. Gertatu ez den zerbaitengatik ezin dut barkamenik eskatu, baina nire familiaren bizitza ankerkeriarekin eta krudelkeriarekin suntsitzen ari direnak barkatzeko gai naiz”, gaineratu du.
Bestalde, biktimaren kontakizuna “egia ez” denaren uste sendotik epaiari helegitea aurkeztuko diotela ziurtatu du defentsako abokatuak. Sententzia Auzitegi Gorenaren aurrean errekurritzeko asmoa agertu du Eduardo Ruiz de Erenchun abokatuak.
Abokatuak azaldu duenez, akusazioek eskatutako zigorra baino handiagoa ezartzerik ez dagoela ebatzi zuen Gorenak 2007an. Auzi honetan, irakasleari 11 urteko kartzela-zigorra ezarri diote, akusazioa partikularrak 10 urte eta Fiskaltzak hiru urteko zigorra eskatu dutenean.
Kasazioa aurkezteko argudioen inguruan gogoeta egin behar dutela onartu du abokatuak, sententziaren 70 orrialdeak sakon aztertzeko astirik izan ez duelako oraindik.