Gizartea -
Sexu abusuak
Aitak sexu abusuak egin zizkiola salatu du Bilboko 46 urteko Mirianek
5 urte zituenetik eta 12 urte bete zituenera arte jasan zituen abusuak. "Haurtzaroa lapurtu zidan, eta horrek bizitza baldintzatu dit", esan du.
EiTB.EUS
Azaroaren 19an Sexu Abusuen eta Tratu Txarren Prebentziorako Mundu Eguna dela eta, Garaitza elkarteak eraso horiek salatzeko kanpaina abiatu du, eta, besteak beste, Mirian 46 urteko emakume bilbotarrak hartu du parte bertan.
Sexu abusuen tratamendurako elkarteak kanpaina horren harira zabaldutako bideoan, umea zela aitak sexu abusuak egin zizkiola kontatu du Mirianek. Hain zuzen ere, 5 urte zituenetik 12 urte bete zituenera arte jasan zuen abusua. "Haurtzaroa lapurtu zidan, eta horrek bizitza baldintzatu dit. Errudun sentiarazi ninduen, eta lotsa sentitzen nuen", azaldu du bideoan.
Halaber, nabarmendu du aitak manipulatu egin zuenez, duela hiru urtera arte isilpean gorde duela haurtzaroan jasandako guztia. "Tratamendua hasi nuen, eta gaur egun pertsona berri bat naiz, zenbait ondorio betirako geratuko zaizkidan arren", adierazi du.
16 urtetik beherakoen artean, % 10 eta % 20 bitartekoa da sexu abusuak jasaten dituztenen kopurua. Neskatoen artean, bostetik bati egin dizkiote sexu abusuak. Mutikoetan, berriz, zazpitik bat izan da horren biktima.
Horrenbestez, gaur egun dauden milaka kasuen artean Garaitza elkarteak salatutako abusuetako bat da Mirianena; ez ordea, bakarra.
Pepe Godoyk sexu abusuak sufritu zituen entrenatzailearen aldetik
Pepe Godoyk sexu abusuak jasan zituen entrenatzailearen aldetik 8 eta 11 urte bitartean zituenean. Orain, 36 urteren ondoren, barrenean zeukan sufrimendua erakustea erabaki du, eta salaketa jarri du.
Basauriko bizilagun batek sexu abusuak salatu ditu
Basauriko Baskonia Futbol Eskola elkarteak entrenatzailea botatzea erabaki du, salaketaren berri izan duenean.