Gizartea -

Delitua

'La Manada'ko hiru kide zigortzea eskatu dute, Donostian betaurrekoak lapurtzeagatik

Bi kiderentzat bederatzi hilabeteko zigorra eskatu du Fiskaltzak eta, hirugarrenarentzat, berriz, sei hilabetekoa, aringarria aplikatu ostean. 2016ko uztailaren 5ean egin zuten lapurreta.

Angel Boza. Artxiboko argazkia: EFE
Angel Boza. Artxiboko argazkia: EFE
Angel Boza. Artxiboko argazkia: EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gipuzkoako Fiskaltzak bederatzi hilabeteko kartzela-zigorra eskatu du 'La Manada' taldeko bi kiderentzat, eta sei hilabetekoa beste kide batentzat, Donostiako optika batean eguzkitako bost betaurreko lapurtzea egotzita.

Zehazki, Ministerio Publikoak bederatzi hilabeteko zigorra eskatu du Jose Angel Prenda eta Angel Bozarentzat. Antonio Manuel Guerrero guardia zibilarentzat, berriz, sei hilabeteko kartzela-zigorra eskatu du, lapurtutako betaurreko batzuk bueltatu ostean, aringarria aplikatuta.

Astearte honetan Fiskaltzak kaleratu duen txostenaren arabera, 2016ko uztailaren 5ean egin zuten lapurreta, sanferminetan emakume gazte bati sexu-gehiegikeriak egin baino bi egun lehenago. Nafarroako Auzitegiak bederatzi urteko kartzela-zigorra ezarri zien delitu horregatik 'La Manada'ko bost kideei.

Fiskaltzaren txostenaren arabera, 19:15 aldera, Donostiako optika batean sartu ziren Jose Angel Prenda, Antonio Manuel Guerrero eta Angel Boza, lapurreta egiteko asmoz. Une horretan denda barruan bilduta zegoen jende andanari esker, antza denez, marka ezagun bateko eguzkitako bost betaurreko ostu zituzten, indarra erabili gabe.

Txostenaren arabera, une hartan 865,85 euroko balioa zuten merkatuan lapurtutako betaurrekoek, BEZa barne.

Gauzak horrela, auzipetutako hiru kideak lapurreta egin zutela frogatutzat eman du Fiskaltzak, eta, eragindako kaltea konpondu ostean, horietako batentzat (Antonio Manuel Guerrero) aringarria aplikatu duen arren, gainerako taldekideentzat eskatutako zigorra murrizteko arrazoirik ez dagoela dio.

Arrazoi horregatik, lapurreta egin zuten optikaren jabeari hiru akusatuek 865,85 euro emateko eskatu du Ministerio Publikoak, "lapurtutako betaurrekoei dagokiena". Dena dela, kalte-ordain horri Antonio Manuel Guerrerok bueltatu zituen betaurrekoen balioa kendu beharko liokete, "optika horretan salgai jartzeko moduan egonez gero".

Halaber, prozesuaren kostuak hiru auzipetuek ordaintzea eskatu du Fiskaltzak. Epaiketa  Donostiako Zigor Arloko epaitegi batean egin beharko da.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Donostia Albisteak Gipuzkoa Delituak Gizartea Eguneko albisteak Eguneko albisteak ‘La Manada’ auzia gaur Lapurretak azken ordukoa