Gizartea -
Indarkeria matxista
Erresuma Batuan emakume bat bortxatu zuen gizon bat atxilotu dute Bilboko Portuan
Espainiako Polizia Nazionalak segurtasun operatibo berezia jarri zuen martxan, susmagarria Bilboko Portura iritsi berri zen petrolio-ontzi batean ezkutatuta egon zitekeela jakin ondoren.
Agentziak | Erredakzioa
Erresuma Batuan emakume bat bortxatu zuen gizonezko bat atxilotu du Espainiako Polizia Nazionalak astearte goiz honetan Bilboko Portuan. Sexu eraso delitua egotzita, herrialdetik ihes egin zuen susmagarria atxilotzeko eta estraditatzeko agindua eman zuen Erresuma Batuak.
Espainiako Barne Ministerioak jakinarazi duenez, gizonak aurretik ezagutzen ez zuen emakume bat gelditu zuen kalean, eta etxera bere autoan joateko aukera eman zion. Hala, emakumearen etxera iritsi aurretik, gizonak emakumea bortxatu zuen eta ihes egin zuen. Geroago, DNA frogei esker susmagarria identifikatu zuten.
Orduan, gizonezkoa atxilotzeko eta estraditatzeko agindua eman zuten Erresuma Batutik, susmagarriak herrialdetik ihes egin zuela ezagutu ostean. Gauzak horrela, Espainiako Polizia Nazionalak segurtasun operatibo berezia jarri zuen martxan, susmagarria Bilboko Portura iritsi berri zen petrolio-ontzi batean ezkutatuta egon zitekeela jakin ondoren.
__________________________________________
Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan, baina bai telefonoan. Beraz, ez ahaztu ezabatzea.