Gizartea -
HARRAPAKETA
Txirrindulari bat hil da Bilbon, kamioi batek harrapatuta
Harrapaketa Autonomia eta Sabino Arana kaleek bat egiten duten tokian gertatu da. Biziz Bizi kolektiboak elkarretaratzea deitu du asteazkenerako istripua gertatu den tokian.
AGENTZIAK
Kamioi batek txirrindulari bat harrapatu du gaur goizean Bilbon, eta, ondorioz, 46 urteko emakume bat hil da.
Bilboko Udaltzaingoak jakinarazi duenez, harrapaketa 08:55ean gertatu da Autonomia eta Sabino Arana kaleek bat egin duten tokian.
Antza denez, kamioiak Basurtura bidean zihoan txirrindularia aurreratu du, eta eskuinera egin du gero; orduan harrapatu du emakumea. Gidariak esan duenez, ez du ikusi. Ondorioz, txirrindularia kamioiaren azpian harrapatuta gelditu da.
Udaltzainak, suhiltzaileak eta osasun langileak bertaratu dira istripua izan den tokira.
Suhiltzaileek txirrindularia erreskatatutakoan, Gurutzetako ospitalera eraman dute, larri. Bertan hil da.
Kamioiaren gidariari alkohol eta droga probak egin dizkiote, eta negatibo eman du. Udaltzaingoak, bere aldetik, ikerketa abiatu du gertaturikoa argitzeko.
Biziz Bizi bizikletazaleen elkarteak elkarretaratzea deitu du asteazken honetan, 19:00etan, istripua gertatu den tokian. Handik martxa egingo dute udaletxera, bizikletaz, eta kontzentrazioa egingo dute bertan, 20:00etan.
Radio Euskadiri egindako adierazpenetan, txirrindulariek Bilbon duten segurtasun falta salatu du Gema Sandonis Biziz Bizi Bilbao elkarteko kideak.