Gizartea -
Eraldaketa Osakidetzan
Lan Eskaintza Publikoetako deialdiak etengabe zabalik egotea proposatu du Osakidetzak
Osakidetzak mediku espezialistentzako lan eskaintza publikoen erreforma sakona egiteko proposamena aurkeztu du, eta Giza Baliabideen Zuzendaritza birdiseinatzeko hartu duen erabakia iragarri du.
eitb.eus
Osakidetzan lan egitera sartuko diren profesionalen hautaketa hobetzeko 68 neurri jaso ditu azterlan batek; besteak beste, egungo lan eskaintza publikoak etengabe zabalik dauden deialdien sistema bilakatzea.
Txostenak epaimahaikideen kopurua murriztea eta beren profesionaltasuna, objektibotasuna eta inpartzialtasuna sendotzea proposatzen du, baita jokabide-kodea ezartzea eta epaimahaikideak horri nahitaez atxiki behar izatea. Gainera, ariketak prestatzean eta horien ebaluazioan segurtasun-neurriak sendotzea proposatzen du.
Jon Darpon Osasun sailburuak Rafael Jimenez Asensio adituaren txostena aurkeztu du astelehen honetan, Legebiltzarreko taldeen eta LEPen inplikatuta dauden eragileen artean hausnarketa egiteko eta iritziak elkarrekin trukatzeko proposamen eta gomendio irekien lehen oinarri gisa.
Osakidetzako lan eskaintza publikoaren hainbat azterketatan izandako irregulartasunen harira aurkeztutako salaketen ostean aurkeztu dute txostena; Osakidetzako hautaprobetara 72.500 lagun aurkeztu ziren.
Osakidetzan langileak hautatzeko sistema hori 80ko hamarkadatik erabiltzen da, eta berriro zehaztu eta batera hausnartu behar dela esan du Darponek.
Bestalde, Rafael Jimenez Asensio txostengilearen esanetan, LEP horiek "ez lirateke modu hain masiboan egingo, jarraian baizik, langileen beharrizanen plangintza estrategikoari erantzuteko, eta, hautaketa-probak beteko dituzten postuei dagozkien gaitasunetara egokituta".
"Datozen urteotan batik bat Osakidetzako langile fakultatibo eta tekniko guztien belaunaldi-erreleboa egitea lortzeko erronka dugu aurrez aurre, eta, horretarako, gure osasun-zentroetako arretan kalitateko estandar altuei eustekoa", esan du.
Jimenez Asensioren hitzetan, egungo hautaketa-prozesuen araudi-esparruak nahiko tresna eskaintzen ditu egungo hautaketa-prozesua erreformatzeko, baina erreforma puntualak sartu beharko lirateke eduki batzuk malgutzeko.
Horrela, esaterako, langile fakultatibo espezialista medikoak hautatzeko probak direla eta, txostenak proposatzen du ezagutzak eta lan-esperientzia baino gehiago balioestea. Izan ere, kasu askotan, zaila izaten da hautagaien artean ezagutzan dauden alde esanguratsuak identifikatzea, guztiek egin baitituzte 10 urtetik gorako prestakuntza-aldiak; bestalde, lan-esperientzia ez da bakarrik lan egindako denboratzat jo behar, eta beste alderdi batzuk kontuan hartzea proposatzen du.
Bestalde, Maria Jesus Mugica Osakidetzako zuzendari nagusiak hiru hileko epean Giza Baliabideen Zuzendaritza birdiseinatzeko hartu duen erabakia iragarri du; horretarako, langileak hornitzeaz eta hautatzeaz bakarrik arduratuko den arlo berria izango du.
"Gure erakundeak 26.497 profesional ditu, eta eman nahi diogun ikuspegi berria dela eta, langile-hautaketaren arloan egiturek profesionalizazio handiagoa beharko dute", esan du.
Maria Jesus Mugicak iragarri bezala, pertsonak eta probak hautatzeko eta ebaluatzeko profil tekniko-profesional aditu berriak sartu beharko dira, talde horrek HAEErekin koordinazioan eta, besteak beste, Euskal Herriko Unibertsitateko adituen edo beste eragile batzuen aholkularitzarekin egingo luke lan.