Gizartea -
Txakurren erasoak
Ardiak hiltzen dituzten txakurrak ez tirokatzeko eskatu dio ARA taldeak Eskoriatzari
Ohar baten bidez, Kira eta Kaxka txakurrak hiltzeko hartutako erabakiari buruzko iritzia eman du ARAk. Izan ere, baserritik alde egin ostean, inguruko 70 ardi hil zituzten bi txakur horiek.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Leintz Bailaran ardiei eraso egiten dieten txakur biak "tiroz ez hiltzeko" eskatu dio animalien eskubideak defendatzen dituen ARA taldeak Eskoriatzako alkateari. Horren ordez, dardo lasaigarriak erabiltzeko proposamena luzatu dio. Halaber, gogora ekarri du txakurrak albaitari batek hil behar dituela.
Ohar baten bidez, Kira eta Kaxka txakurrak hiltzeko hartutako erabakiari buruzko iritzia eman du ARA taldeak. Izan ere, urriaren 12an, baserritik alde egin ostean, inguruko 70 ardi hil zituzten bi txakur horiek. Gauzak horrela, txakurren jabeak eta Eskoriatzako alkateak bi animaliak hiltzeko baimena eman dute.
Alabaina, ARAk mezu argia bidali dio Jose Ramon Zubizarreta Eskoriatzako alkateari, Animalien Babeserako legeak dioena azpimarratuz: "Animalia bat hiltzeko orduan, berehalako konorte-galtzea eragiten duten metodoak erabili behar dira, alegia, sufrimendua saihestu behar da".
"Udalei edota foru aldundiei dagokie etxerik gabe edo galduta dauden txakurrak hartzea". Hori kontuan hartuta, "udalek horretarako prestatutako lekuak, bitartekoak eta langileak izan behar dituzte, eta inolaz ere ez dute animaliak tiroz akabatzea onartuko", dio oharrak.
"Euskadin ehunka txakur bizi dira egoera larrian, gizarteratu gabe eta, kasu askotan, tratu txarrak jasaten. Horregatik, normala da etxetik alde egin eta ahal duten moduan bizirautea; adibidez, ardiei eta akerrei eraso eginda", gaineratu dute.