Gizartea -

SOS Arrazakeriak

Bilbon magrebtar gazteen aurka egindako ‘sarekada arrazistak’ salatu dituzte

SOS Arrazakeriak elkarteak ohar bat kaleratu du, azken egunetan San Frantzisko auzoan kolektibo horri egindako miaketak areagotu egin direla esanez.

Bilboko magrebtar gazteei egindako miaketak. Argazkia: SOS Arrazakeria
Bilboko magrebtar gazteei egindako miaketak. Argazkia: SOS Arrazakeria
San Frantzisko auzoan 'sarekada arrazistak' egiten ari direla salatu dute

1:25

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bilboko San Frantzisko auzoan "gazte magrebtarren aurka" Bilboko Udaltzaingoak eta Ertzaintzak egindako “sarekada arrazistak” salatu ditu SOS Arrazakeriak elkarteak. Halaber, gazte horiei egindako miaketak azken egunetan areagotu egin direla ziurtatu dute. Gobernuz Kanpoko Erakundeak (GKE) azaldu duenez, atzo (osteguna) arratsaldean Bilboko Udaltzaingoak “talde oso bati miaketak egin zizkion San Frantzisko auzoan”.

Elkarteak ohar bat kaleratu du ostiral honetan, “azken egunetan kolektibo jakin baten kontra egindako miaketak” gora egin dutela esanez. Ildo horretatik, Bilboko Udaltzaingoak talde jakin bat jomugan duela ziurtatu du: “gazte magrebtarrak”.

“Kale erdian kolektibo hori osatzen duten talde osoei egindako miaketak dira. Tamalez, honakoa ez da hori gertatzen den lehen aldia, eta aurretik ere jarrera hori salatu dugu”, esan du SOS Arrazakeriak.

Hala, San Frantzisko auzoan “gisa horretako sarekada arrazistak” gero eta ohikoagoak direla ziurtatu du elkarteak, eta “kezkatuta” agertu da. Bilboko Udaltzaingoko goi-kargu batzuk inguruan izandako lapurretak, erasoak eta liskarrak azken hilabetean areagotu egin direla esan zuten duela gutxi. SOS Arrazakeriaren ustez, “ezohikoak izan beharko liratekeen portaera polizial hauek adierazpen horiekin lotuta egon litezke”.

Elkarteak gogorarazi duenez, azaroaren 2an, “hogei bat udaltzain inguruk hainbat gazte magrebtarrez osatutako bi talde geldiarazi zituzten San Frantzisko auzoko bi tokitan”.

SOS Arrazakeriaren esanetan, gazteak goitik behera miatu zituzten, kale erdian “inguratu eta identifikatu ostean”. Hala, polizia-operazio hori ordu erdiz luzatu zela esan du, “inolako justifikaziorik gabe; inguruan beldurra eta mesfidantza sortuz”.

Gauzak horrela, pertsona guztiekiko “errespetua” exijitu du elkarteak, eta polizia-operazio guztiak “neurrizkoak eta arrazoituak” izan behar direla gogorarazi du. Hala, Poliziak pertsona guztien segurtasuna bermatzeko ardura duen moduan, “herritarrek dituzten eskubideak errespetatuz aritu behar da beti,  testuinguruak alde batera utzita”.

SOS Arrazakeriak esan duenez, polizia-operazioetako “jomugan beti kolektibo jakin bera izatea ‘arraza bereizketa’ da, edo, zehatzago esanez, izaera fisiko batengatik identifikatzea; nazioarteko hitzarmenetan eraso arrazista gisa izendatuta dagoena”.

“Segurtasunak ez du inolako zerikusirik ‘sarekada arrazistekin’ ezta taldeei eginiko miaketekin. Ez dugu onartuko polizia-operazio hauek normaltasunez ikustea eta gure kaleetan ikuskizun lotsagarri hauek nagusitzea, ingurua gero eta gehiago degradatu eta kriminalizatzen baitute”.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilbo berriak Migrazioa Euskal Herria Zer gertatu da Bizkaian? Euskal Autonomia Erkidegoa albisteak Arrazismoa albisteak Gizartea Eguneko albisteak Gaurko azken orduko albistea