Gizartea -
Haur pornografia
Bi atxilotu Gasteizen eta Arrasaten, internetetik eduki pedofiloa jaisteagatik
Haur pornografiaren aurkako operazio honetan, guztira, 18 etxebizitza miatu dituzte; horietako bi Gipuzkoan, eta beste bat Araban.
AGENTZIA | ERREDAKZIOA
Polizia Nazionalak pertsona bat atxilotu du Gasteizen eta beste bat Arrasaten, haur pornografiaren kontrako operazio batean. Gainera, gutxienez, hiru etxebizitza miatu dituzte; horietako bi Araban, eta bestea Gipuzkoan, eitb.eus-ek jakin ahal izan duenez. Guztira, hamalau probintziatan izan dira atxiloketak.
Herritar batek jarritako salaketa baten ondotik hasi zuten ikerketa. Hark Poliziari jakinarazi zion berehalako mezularitza plataforma batean haur pornografia partekatzen ari zirela.
Talde horretako kideek hainbat irudi jaso zituzten, data zehatz batekin. Lotura bat ere partekatu zuten, memoria birtualdun plataforma bateko karpeta jakin batera sartu ahal izateko. Handik eduki pedofiloa zuten argazkiak jaso eta parteka zitzaketen.
Informazio horren harira, ikertzaileak plataforma horrekin harremanetan jarri ziren, eta irudiak ikusi ostean, 6.000 kontu blokeatu zituzten, karpeta horretako informazioa erabiltzeagatik.
Poliziaren arabera, uneren batean memoria horretako edukiak jaso eta kopiatzeagatik identifikatu dituzte erabiltzaile horiek. Gainera, hamazortzi etxebizitza miatu, eta Estatu osoan hamaika lagun atxilotu dituzte.
Atxilotuetako batek bere bikotekidearen alabaren argazkiak zituen, horretarako baimenik ez zeukan arren.
Miaketetan haur pornografiarekin lotutako artxibo ugari aurkitu dituzte, baita hainbat gailu elektroniko konfiskatu ere.