Gizartea -
Giza Garapenaren indizea
Euskadi, bizi baldintza onenak dituzten munduko lehen 15 herrialdeen artean
AEBen eta Erresuma Batuaren artean kokatzen da, eta Finlandiaren aurretik, Eustatek Nazio Batuen metodologia bat erabiliz ateratako datuen arabera.
Agentziak | Erredakzioa
2017an ere bizi baldintza onenak dituzten munduko lehen 15 herrialdeen artean dago Euskadi, Euskal Estatistika Institutuak (Eustat) Giza Garapenaren Indizea (GGI) kontuan hartuta (Nazio Batuen Garapenerako Programaren metodologia).
Zehatz jarrita, AEBen eta Erresuma Batuaren artean (13. eta 14. postua, hurrenez hurren) kokatzen da Euskal Autonomia Erkidegoa, 0,922ko indizearekin. Herritarrek dituzten bizi baldintzak kontuan hartuta kalkulatzen da indizea.
2017ko datuak aintzat hartuta egin du Eustatek txostena, munduko 189 herrialdeak zerrendatuta. Hauek dira lehen 15 postuetan daudenak: Norvegia, Suitza, Australia, Irlanda, Alemania, Islandia, Hong Kong, Suedia, Singapur, Herbehereak, Danimarka, Kanada, AEB, Erresuma Batua eta Finlandia.
0tik 1erako eskalan ezartzen da GGI indizea. Besteak beste, honakoak hartzen dira kontuan: bizi-itxaropena, haurren kasuan aurreikusten den eskola-urte kopurua, 25 urte edo gehiagokoen batez besteko eskola-urteak, eta eta per capita errenta gordina.
Frantzia 24. postuan dago, 0,901eko indizearekin, eta Espainia bi postu beherago ageri da (26.), 0,891ko GGIrekin. Zerrendan azkena Niger da, 0,354ko indizearekin.
2010-2017 aldian indize horren osagai guztiek egin dute hobera. Bizi-itxaropena 82,4 urtetik 83,5 urtera igaro da. Hala, Euskadi laugarren postuan kokatzen da, Hong Kongen (84,1) eta Japoniaren (83,9) atzetik bakarrik, eta Suitzaren (83,5) parean.
Gauza bera gertatu da aurreikusita dauden eskola-urteen adierazleari dagokionez: 18,1 urtetik 18,8 urtera iragan da. EAEn aurreneko postuetan ageri da, zazpigarrenean zehazki; aurretik daude Australia (22,9), Belgika (19,8), Irlanda (19,6), Islandia (19,3), Danimarka (19,1) eta Zeelanda Berria (18,9).
Batez besteko eskola-urteei erreparatuta ere gora egin du indizeak: 10,2 urtetik 11,0ra. Dena dela, 41 herrialde dauzkagu aurretik, hala nola, Alemania (14,1 urte batez bestez), Suitza eta Ameriketako Estatu Batuak (13,4) eta Kanada (13,3).
Per capita erreta gordina dezente igo da azken zazpi urteetan: 43.207 dolar estatubatuarretik 46.248ra. Erosteko ahalmenaren parekotasunean neurtuta, urruti daude Norvegiako 68.012ak eta Qatarko 116.818ak. Dena dela, EAE Alemaniaren aurretik kokatzen da (46.136 dolar).