Gizartea -

Cabacas auzia

Cabacasen gurasoek umiliagarritzat jo dute Fiskaltzak deliturik ez ikustea

Akusazio partikularrak launa urteko espetxe zigorra eskatu du akusatuentzat, eta, Fiskaltzak, ez du akusaziorik egin eta sei ertzainen absoluzioa eskatu du.

Iñigo Cabacasen gurasoak, epaitegira bidean. Artxiboko argazkia: EFE
Iñigo Cabacasen gurasoak, epaitegira bidean. Artxiboko argazkia: EFE
Fiskalak ez du zigorrik eskatuko akusatuentzat, Cabacas auzian

1:37

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Iñigo Cabacasen heriotza argitzeko epaiketaren gaurko saioan, aldeek haien ondorioak eta behin betiko eskaerak aurkeztu dituzte Bizkaiko Probintzia Auzitegian. Fiskaltzak, lehen egunean esan bezala, ez du delitu aztarnarik ikusi, eta absoluzioa eskatu du auzipetutako sei ertzainentzat. Hala, saioa bukatutakoan, Iñigo Cabacasen guraso Fina Lizerazu eta Manu Cabacas oso minduta agertu dira fiskalaren jarrerarekin, izan ere, “umiliatuta eta irainduta” sentitu dira. Gaztea burezurreko traumatismo baten eraginez hil zen 2012an, Ertzaintzak jaurtitako gomazko pilota batek buruan jo ostean.

Gaurkoa, Cabacas auziaren hamaikagarren saioa izan da. Akusazio partikularrak launa urteko espetxe zigorra eskatu du akusatuentzat, eta, Fiskaltzak, ez du akusaziorik egin eta sei ertzainen absoluzioa eskatu du. Gauzak horrela, ez da inongo akordiorik egon eta, ostiralean, alde guztien txostenak entzungo dira.

"Umiliatu egin gaituzte", esan du Fina Licerazuk, malko artean, saioa bukatutakoan. Halaber, delitu aztarnarik ez duela ikusten esatean “irainduta” sentitu direla ziurtatu du. “Ez dut ulertzen zergatik esan duen hori, epaiketan gertatu dena ikusi ondoren”, gaineratu du Cabacasen amak. "Gure semea hilerrian dago, hil egin digute, eta fiskalak ez du horretan delitu aztarnarik ikusten?", galdetu du.

Beste alde batetik, fiskalak hartutako “erabakiaren aurrean oso minduta” daudela esan du Manu Cabacasek, baina “hasieratik horren susmoa” zutela aitortu du. Izan ere, Fiskaltzak prozesu osoan zehar izandako jarrera kritikatu du, bere esanetan, ez baitu “ezer egin” Cabacasen heriotza argitu dadin eta “oztopoak” jarri dituelako behin baino gehiagotan.

“Epaiketan gertatu dena ikusi ondoren (Cabacasen heriotza) ez bada delitua… ”, deitoratu du Athleticeko zalearen aitak. “Ikaragarria da absoluzio eskaerari eustea. Defentsak hala egitea ulertu dezaket, haien lana egiten dutelako, baina Ministerio Publikoak egitea harrigarria da”, salatu du Cabacasen gurasoak.

Ildo horretatik, Fiskaltzak izandako jarrera ez dutela “inoiz ahaztuko” ziurtatu du: “Erabaki horri eustea, prozesuak aurrera egin zezan ezer egin ez izana, oztopoak ipiniz eta gezurrak esanez… lotsagarria da, sinestezina”.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Iñigo Cabacas urteurrena Ertzaintza Gaurko albisteak Bizkaia Epaiketak albisteak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Gurasoak  gaur