Gizartea -
Bartzelona
Normaltasuna itzuli da Sants geltokira, maleta susmagarri batek alarmak piztu ostean
ADIFeko segurtasun langileek barruan lehergailu bat izan zezakeen maleta bat ikusi dute eskanerraren bidez. 3. eta 4. trenbidean zeuden bi trenak hustu dituzte.
EITB.EUS
Goizeko lehen orduan hasi da guztia Bartzelonako Sants tren geltokian. Madrilera zihoan abiadura handiko tren batean (AVE), maleta baten barruan, susmagarria izan zitekeen objektu bat atzeman dute segurtasun zaindariek. Hori dela eta, agintariak jakinaren gainean jarri dituzte.
Gauzak horrela, Esquadra Mossoek operazioa abiatu dute Bartzelonako Sants geltokian, eta artezilariak (TEDAX lehergailuak desaktibatzen adituak diren agenteak) bertaratu dira.
Esquadra Mossoek 08:00etan jaso dute abisua. ADIFeko segurtasun beharginek "ustezko lehergailu bat" izan zitekeena ikusi dute eskanerraren bitartez maleta baten barruan.
3. eta 4. trenbideetan zeuden bi trenak hustu dituzte, "segurtasun protokoloak" jarraituz.
Hasiera batean, abiadura handiko tren guztien zirkulazioa eten dute, baina handik gutxira 1, 2, 5 eta 6 trenbideetako zerbitzuak leheneratu dituzte.
Esquadra Mossoek Espainiako Polizia jakinaren gainean jarri dute. Trena Madrilera iritsi aurretik geldiarazi egin dute eta maletaren barruan lehergairik ez zegoela egiaztatu dute agenteek.
Zehazki, gerriko baten belarria (granada itxurakoa) izan da guztiaren eragilea.
Argazkia: Esquadra Mossoak