Gizartea -

UR TARIFA

Ur tarifak % 2,3 egingo du gora 2019an Bizkaiko udalerri gehienetan

Igoera honen ondorioz, familia bakoitzak 3,7 euro gehiago ordainduko ditu ur fakturan, batez beste.

Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoa. Argazkia: Europapress
Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoa. Argazkia: Europapress
Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoa. Argazkia: Europapress

AGENTIZAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

2019ko uren tarifak % 2,3 igotzea onetsi du Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak, ur-horniketa, saneamendu eta garbiketa zerbitzuetan. Igoera hori Bizkaiko udalerri gehienetan ezarriko da.

Sinatutako akordioak, batez beste, 3,7 euroko igoera eragingo du familia bakoitzaren ur fakturan hurrengo urtean. Neurri hori Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak adostu du Betelurin, Arrigorriagan.

Erakunde horren arabera, zenbait ikerketak erakusten dutenez, gaur egungo tarifekin, gastu deribatuen % 93 baino ez da ordaintzen, eta, neurri horrekin, “% 100era progresiboki hurbildu” nahi dute.

Diru-laguntzak

Guztira, 542.500 euroko diru-laguntzak banatuko dituzte Abadiñon, Barakaldon, Basaurin, Berriatuan, Bilbon, Durangon, Getxon, Portugaleten eta Zamudion.

Bestetik, diru-sarrerak bermatzeko errenta (DSBE) jasotzen duten familiei ur-saneamendu tasen % 80 itzultzeko tramiteak erraztu ditu Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak. Erabaki horren bidez, “familiek egoera ekonomiko behartsuenetan egiten duten esfortzua saritu eta familia horiek jasaten duten zerga zama arindu” nahi du erakundeak.

2017an hobari hori indarrean jarri zutenetik, 794 familiak eduki dute tasa horren murrizketa; guztira, 24.238 euro aurreztu dituzte.

Aurrekontua

Ur Partzuergoaren batzar nagusiak adostutako aurrekontua 178,9 milioi eurokoa izango da, eta ez du zorrik sortuko; aitzitik, 19,9 milioiko igoera eragingo du, aurreko urteko aurrekontuarekin alderatuz gero.

Aurrekontuaren % 36 azpiegituren horniketa eta saneamendu inbertsioetara bideratuko da, hots, 64,5 milioi euro. Udalerrien azpiegiturak hobetzeko, Bizkaiko Foru Aldundiak 15 milioi euroko ekarpena egin du.

Ur-horniketarako aurrekontua ia 34,3 milioikoa izango da, eta horien zati bat (7,6 milioi) Uribe Kosta-Mungialdea interkonexioko azpiegiturak hobetzeko obrak egiten jarraitzeko erabiliko dituzte.

Horrez gain, Enkarterriko Jarralta-Abellaneda tartean ur-horniketaren bigarren fasea abiatuko dute, 4 milioi euroko aurrekontuarekin; Ballonti-Las Carreras tartea zabalduko dute, 2,5 milioi euroko aurrekontuarekin, eta Artxandako depositu berria egingo dute, 2,3 miloi euroko aurrekontuarekin.

Saneamenduari dagokionez, batez ere ekaitz deposituen sarea hedatzeko 29,1 miloi euro bidaliko dituzte. Bestetik, Zuazo-Galindo tarteko (Barakaldo eta Sestao) deposituan 8,8 milioi euro inbertituko dituzte.

Gainera, Munitibarko Hondakin Uren Araztegirako 1,2 miloi euro zuzenduko dituzte; sare nagusia optimizatzeko, 1,3 milioi euro; Mungiako Hondakin Uren Araztegian ur tratamenduak egiteko, 403.000 euro, eta Muskizko Hondakin Uren Araztegia handitzeko, 400.000 euro.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilboko albisteak Azken ordukoa Bizkaia Euskal Autonomia Erkidegoa albisteak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Ura albisteak gaur