Gizartea -

Proiektua

Bronkiolitis akutuaren aurkako botiken erabilera erdira jaistea lortu du Osakidetzak

Osakidetzako profesionalak proiektu batean ari dira parte hartzen. Horren bidez lortu dute beharrezkoak ez diren sendagaien erabilera murriztea. Aipatu gaixotasuna bi urtez azpiko umeek izaten dute.

Osakidetzako profesionalak. Argazkia: Osasun Saila
Osakidetzako profesionalak. Argazkia: Osasun Saila
Osakidetzako profesionalak. Argazkia: Osasun Saila

AGENTZIAK

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bronkiolitis akutuaren aurkako sendagaien erabilera murrizteko proiektu batean ari dira parte hartzen Osakidetzako hainbat profesional. Ekimen horrek Asistentziaren Kalitatearen Espainiako Elkartearen Biltzar Nazionalean babesa jaso du.

Barakaldo-Sestaoko eta Ezkerraldea-Enkarterriko osasun erakundeetako profesionalak dabiltza, hain zuzen, egitasmo horretan kolaboratzen, eta horri esker lortu dute beharrezkoak ez diren botiken erabilera % 50 murriztea.

Bronkiolitis akutua umeen artean diagnostikatzen den gaixotasun ohikoena da. Gauzak horrela, gaitz horrek sekulako eragina dauka osasun arloan zein gizarte eta ekonomia kontuetan, Osakidetzak ohar baten bidez jakitera eman duenez.

Hala, Arrontegiko osasun zentroko Marta Montejo Fernandez pediatrak zuzendutako proiektua gauzatzeko, gaixotasuna pairatzen duten umeen senitartekoen esperientzia hartu dute kontuan.

Esan bezala, bi urtez azpiko umeek izaten dute bronkiolitis akutua, eta urria eta martxoa bitartean diagnostikatzen dituzte kasu gehienak.

Bizkaian, esaterako, 2017-2018 denboraldian, 2.600 kasu egon zien Lehen Mailako Arretan, eta 1.500 pediatriako Larrialdietan. Ume horien % 12 ospitaleratu egin behar izan zituzten.

Hasiera batean, katarroaren antzeko sintomak izaten dituzte haurrek: mukiak, eztula edota sukarra. Egun batzuetara, ordea, beste sintoma batzuk izan ditzakete: arnasa hartzeko arazoak eta nekea, adibidez.

Gida praktikoa

Gaur egun ez dago gaixotasun horren aurrean eraginkorra den sendagairik, baina badira tratamenduari buruzko gomendioak eskaintzen dituzten gida praktikoak.

Nolanahi dela, Montejo doktoreak azaldu duenez, gida horretako aholkuei jarraitu beharrean, sendagile askok botiken "gehiegizko" erabilera aukeratzen dute sendabide gisa.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Osakidetza Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak Umeak