Gizartea -

Berehalako kanporatzeak

SOS Arrazakeriaren arabera, Irungo mugako kanporatzeak 'ez dira noizean behingoak'

Gutxienez, duela urte eta erditik hona errepikatzen den praktika bat dela salatu du erakundeak.

Migratzaileak Irungo mugan. ETBko bideo batetik ateratako argazkia
Migratzaileak Irungo mugan. ETBko bideo batetik ateratako argazkia
Migratzaileak Irungo mugan. ETBko bideo batetik ateratako argazkia

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Irungo mugan izaten diren berehalako kanporatzeak "ez dira puntualak", Gipuzkoako SOS Arrazakeria elkarteak astelehen honetan esan duenez, eta, gutxienez, duela urte eta erditik hona errepikatzen den praktika bat dela salatu du. Gainera, Barne Ministerioak "kanporatze horiek ezkutatu nahi ditu edo ez du arazoaren garrantzia onartu nahi", gaineratu du.

Mikel Mazkiaran Gipuzkoako SOS Arrazakeria elkartearen abokatuak Fernando Grande-Malaska Barne ministroari erantzun dio gaur, Frantziak migratzaileen berehalako kanporatzeak egiten dituela ostegunean onartu eta "kanporatze puntualak" zirela esan ostean. Grande-Malaskak, gainera, egoera zuzenduko dutela esan zuen.

Mazkiaranen hitzetan, "errealitateak jokaera puntualak ez direla egiaztatu du", migratzaileak berehala kanporatzeko protokoloari jarraitu gabe "iazko urte bukaeratik edo, behar bada, lehenagotik" egiten direla egiaztatu baitu SOS Arrazakeriak.

Azken hilabeteotan izan den aldaketa bakarra "kopurua" izan dela salatu du; izan ere, udatik hona migratzaile kopurua handitu egin da, eta, ondorioz, "Frantziarako bidea hartzen dutenak eta mugan harrapatzen dituztenak gehiago dira".

"Azken egunotan ere, ez da aldaketarik izan", eta "kanporatze horiek errepikatu egiten dira", gaineratu du Mazkiaranek.

"Barne Ministerioak berak jakingo du zergatik ezkutatzen duen edo ez duen onartu nahi arazo honen benetako neurria", esan du abokatuak.

Bestalde, "atxiloketak eta kanporatzeak profil etnikoaren arabera" egiten direla kritikatu du, "ez baitie Irungo muga gurutzatzen duten guztiei berdin eragiten".

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Migrazioa Gipuzkoa Arrazismoa Gizartea Eguneko albisteak Irun Albisteak