Gizartea -

BIZKAIA

Errepideetako neguko plana abiaraziko dute ostegunean Bizkaian

Plana azaroaren 1etik apirilaren 30era bitartean egongo da indarrean, eta guztira 393 profesionalek jardungo dute lanean. Halaber, elurra kentzeko 81 makina eta 10.000 tona gatz prest izango dira.

Elurra kentzeko makina. ETBren bideo batetik ateratako irudia
Elurra kentzeko makina
Elurra kentzeko makina. ETBren bideo batetik ateratako irudia

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Azaroaren 1etik aurrera martxan izango da errepideetako neguko plana Bizkaian, Imanol Pradales Bizkaiko Ekonomia Garapen eta Lurralde diputatuak astelehen honetan jakinarazi duenez.

Aurten, elurra kentzeko tamaina txikiko hiru makina berri izango ditu Bizkaiak. Halaber, ibilgailu batzuetan bideozaintzako sistema bat jarriko dute kamerarik ez dagoen errepideetan unez uneko egoera zein den jakiteko.

Plana azaroaren 1etik 2019ko apirilaren 30era bitartean egongo da indarrean. Guztira, 393 profesionalek jardungo dute lanean, errepideetako segurtasuna bermatzeko. Lan horietarako, elurra kentzeko 81 makina eta 10.000 tona gatz erabiliko dira.

Hauek izango dira Bizkaian lehentasuna duten errepide zatiak: A-8, AP-8, Metropoliko Hegoaldeko Saihesbidea, AP-8 Erletxeta eta Ermua artean, N-637, N-240, Loiuko aireporturako eta ospitaleetarako sarbideak eta BI-631 errepidea Bilbo eta Derio artean (Agirleta edo Santo Domingo).

Neguko planak lau maila ditu elurrak eta izotzak errepidean eragindako egoeraren berri emateko. Lehen mailak, C1 izenekoak, zirkulazioak ez duela inolako gorabeherarik adierazten du, eta azkena, C4 maila, alerta maila gorena, inolako ibilgailurik errepidean ibiltzea ezinezkoa denean ezartzen dute.

Pradales diputatuak Bizkaimove aplikazioa erabiltzeko gomendioa egin du, errepideen unez uneko egoera zein den ezagutzeko.

Alertei dagokienez, iaz 6 alerta laranja egon ziren elurragatik (duela bi urte ez zen bakar bat ere izan), eta 35 alerta hori (duela bi urte, 15). Horrez gain, elurra kentzeko makinek 12.917 orduz jardun zuten (4.199 orduz, duela bi urte) eta 5.777 gatz erabili zuten, duela bi urte baino 3.875 tona gehiago.

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Trafikoa Bizkaia Euskal Autonomia Erkidegoa Denboraleak argazkiak Gizartea Elurra Albisteak Gaur Gaurko azken orduko albistea Hotz siberiarra