Gizartea -
Aurkikuntza, itsasoan
XVI. edo XVII. mendeko zilarrezko lingote bat aurkitu dute Getariako uretan
Zortzi kiloko pieza arkeologikoa Borja Inza urpekariak aurkitu zuen, halabeharrez, irailaren 1ean, urpeko argazkilaritza egiten ari zela.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
XVI. edo XVII. mendeko zilarrezko zortzi kiloko lingote bat aurkitu dute Getariako badian. Litekeena da esferaerdiko forma duen pieza hori Gipuzkoako familia nobleren batek egindako inportazio ilegalaren fruitu izatea. Hortaz, jatorri amerikarra izan lezake.
Euskadin orain arte azaldutako mota horretako lehen pieza da aipatutakoa. Donostian aurkeztu dute, gaur bertan, Denis Itxaso Gipuzkoako Kultura diputatuak, Nika Lertxundi Getariako alkateak, Xabier Alberdi historialariak eta Borja Inza itsaspekariak. Izan ere, Inzak berak aurkitu zuen irailaren 1ean lingotea, Real Sociedad futbol elkarteko kideekin urpeko argazkilaritza egiten ari zela.
Alberdik azaldu duenez, besteak beste, Andaluzian aurkitu dituzten pieza batzuen antzekoa da. Beraz, baliteke garai hartako kontrabandoarekin zerikusia izatea, Amerikatik ilegalki zilarra ateratzen baitzuten orduan.
Esan bezala, merkataritza ilegalarekin lotu dute lingotea, inolako markarik edota zigilurik ez duelako, eta horrelako bereizgarriren bat izaten zutelako Estatura iristen ziren piezek. Hain zuzen ere, eskubideak edota zergak ordaintzeko orduan ezartzen zieten seinalea piezei.
Alabaina, Getarian aurkitutako lingoteak hiru zulotxo ditu. Antza denez, metalaren purutasuna neurtzeko egiten zuten frogaren emaitza dira horiek.
Iragan irailaren 1eko aurkikuntza 7 metroko sakoneran izan zen, kostatik 100-150 metro ingurura. Gerora, metal detektagailuak erabili zituzten inguru hartan, baina ez zuten ezer gehiago aurkitu.