Gizartea -
Ezbeharra
Bi lagun larri zauritu dira Iruñean, auto batek harrapatuta
Dirudienez, eguzkiak ikuspena kendu dio gidariari, eta ez da ohartu bi oinezkoak aurrean zituela. 70 urteko gizonezkoa eta haren alaba dira zauritutako bi pertsonak.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Bi pertsona larri zauritu dira goizean Iruñean izandako istripuan. 70 urteko gizonezkoa eta 38 urteko haren alaba harrapatu ditu auto batek ezbeharrean, dirudienez, eguzkiak gidariari ikuspena kendu diolako.
Udaltzaingoak jakitera eman duenez, 09:30ean gertatu da istripua, Felix Huarte plazatik gertu. Handik, Iruñeko Ospitalera eraman dituzte zaurituak.
Bien bitartean, Nafarroako hiriburuko Udaltzaingoak ikerketa abiatu du, istripua nola gertatu den argitzeko, baina, badirudi eguzkiak ikuspena kendu diola gidariari, eta ez dela konturatu bi oinezkoak aurrean zituela.
Gauzak horrela, mota horretako ezbeharrak nola ekidin argitu du Udaltzaingoak. Garai honetan, goizeko lehen orduetan eta arratsaldeko azkenengoetan, eguzkiak arazoak sortu ohi ditu errepidean doazenentzat.
Horregatik, autoko itzalkina eta eguzkitako betaurrekoak erabiltzea gomendatzen dute, baita ibilgailuetako kristalak garbi edukitzea ere. Dena den, abiadura gutxitzea da harrapaketak saihesteko modurik eraginkorrena.