Gizartea -

BEC

BECeko Umeen Gabonetako Parkea zabalik, urtarrilak 5era arte

54. edizioko balioak elkartasuna, berdintasuna, jasangarritasuna, bizitza osasuntsua, familia eta “zibergizatasuna” dira.

UGPko 54. edizioaren kartela. Argazkia: BEC
UGPko 54. edizioaren kartela. Argazkia: BEC
UGPko 54. edizioaren kartela. Argazkia: BEC

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Umeen Gabonetako Parkearen (UGP) 54. edizioak hainbat balio izango ditu abiapuntu, hala nola solidaritatea, berdintasuna, sostengarritasuna, bizitza osasuntsua, familia eta “zibergizatasuna”. Parkea gaur abenduaren 19tik urtarrilaren 5era arte egongo da, Barakaldoko BECen.

Xabier Basañez BECeko zuzendari nagusiak prentsaurreko batean adierazi duenez, aldez aurretik lantzen zituzten baloreak sustatuko dituzte aurtengo edizioan, baina era “nabariagoan”.

Solidaritate alorrean, Bizkaiko Gurutze Gorriak eta Bizkaiko Caritasek prestatuko jostailu-bilketen kanpainak azpimarratu ditu Basañezek. Jasangarritasunari dagokionez, aldiz, atrakzio jasangarriak egongo direla gogorarazi du; edizio honetan, kart elektrikoak egongo dira, besteak beste.

BECeko zuzendari nagusiaren arabera, UGPk hainbat ekintza antolatzen ditu bizitza eredu osasungarriak bultzatzeko. Horrez gain, mundu digitaleko heziketa eta berdintasuna sustatzen ditu, “bi sexuentzat interesgarriak” izan daitezkeen proposamenen bitartez.

Basañezen esanetan, familia da Umeen Gabonetako Parkearen funtsezko oinarrietako bat; izan ere, UGP lehenengoz antolatu zutenetik, familien elkargune bihurtu da. Familiarekin batera, euskararen erabilera bultzatzea parkearen beste balioetako bat dela nabarmendu du.

UGPko 54. edizioa

Umeen Gabonetako Parkeko 3. pabiloian, erakundeen, enpresa publikoen zein pribatuen, kultura elkarteen eta hedabideen erakusmahaiak egongo dira. Horiek umeen parkearekin elkarlanean ari dira.

Ohiko barrakak, berriz, 5. pabiloian instalatuko dituzte.

Sarreren salmenta kanpaina

Bestetik, erakundeentzako eta gizataldeentzako sarreren salmenta kanpaina hasi du BECek, entitate horietako langileak, bezeroak eta hornitzaileak parkera joan daitezen.

Non eta noiz

2018ko abenduaren 19tik 2019ko urtarrilaren 5era irekiko ditu ateak Umeen Gabonetako Parkeak, baina abenduaren 25ean eta urtarrilaren 1ean itxita egongo da.

11:00etatik 20:00etara egongo da zabalik, abenduaren 24an eta urtarrilaren 5ean izan ezik, bi egun horietan 17:00etan itxiko baitute.

Sarrerak prezio hauetan izango dira salgai:

- Estandarra: 8 euro

- 10 sarrera: 70 euro

- Familia ugariak: 7 euro (txartel bakoitzarekin sarrera bat baino ezin da erosi)

- Ikea eta gazte txartela: 7 euro (txartel bakoitzarekin sarrera bat baino ezin da erosi)

- Gurasoen gauean: 8 euro (mozorrotuta joanez gero, 5 euro)

3 urtetik beherako umeak doan sartu ahalko dira.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Azken ordukoa Bizkaia Barakaldo EAE BEC argazkiak Gabonak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak