Gizartea -

'La Manada' auzia

Ahozko epaiketa ireki dute Angel Boza ‘La Manada’ko kidearen kontra, lapurretagatik

Indarkeriaz eta larderiaz egindako lapurreta delitua eta lesio delitua egozten dizkiote, eta bost urterainoko kartzela-zigorra ezarri ahal diote, Zigor Kodearen arabera.

Angel Boza, 'La Manada'ko kidea. Argazkia: EFE
Angel Boza, 'La Manada'ko kidea. Argazkia: EFE
Angel Boza, 'La Manada'ko kidea. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Juan Gutierrez Casillas Sevillako Instrukzioko 16. Epaitegiko epaileak ahozko epaiketa ireki du Angel Boza ‘La Manada’ko kidearen kontra, abuztuaren 1ean indarkeria erabiliz eguzkitako betaurreko batzuk lapurtzeagatik eta merkataritza zentroko bi zaindari autoarekin harrapatzeagatik atxilotu ondoren.

Antza denez, Bozak Sevillako saltoki batean betaurreko batzuk lapurtu eta gero, bi zaindari autoarekin jo zituen saltokitik autoz ihes egitean. Ustezko gertakari horien ondorioz, kartzelan dago, behin-behinean.

Irailaren 20an egindako autoaren arabera, Zigor Kodean jasotako indarkeria eta larderia delituak zein lesio delituak egotzita, Bozaren aurkako ahozko epaiketa irekitzea erabaki du epaileak. Delitu horien ondorioz, bost urterainoko espetxe-zigorra ezar diezaiokete.

Auto horretan, auziaren ezagutzarako eta epaitzerako organo eskuduna Sevillako Zigor-arloko Epaitegia izendatu du instrukzioko epaileak. Horrez gain, Bozaren aurkako behin-behineko espetxeratzea berretsi du, abuztuaren 2an egindako autoaren bidez, segurtasun neurri hori ezartzeko arrazoia ez baita aldatu.

Bestetik, ‘La Manada’ko kideari eskatu dio 594,32 euroko fidantza ematea, egun bateko epean. Ordainketa hori ezarritako epean egin ezean, ondasunak bahituko dizkiote, kopuru hori ordaintzea ziurtatzeko.

Fiskaltzak lau urteko espetxe-zigorra eskatzen du

Sevillako Fiskaltzak Bozari lau urteko kartzela-zigorra eta 300 euroko isuna ezartzea eskatzen du, indarkeria eta larderia erabilita lapurreta bat egitea eta lesio arinen delitu bat egitea egotzita, hurrenez hurren. Horrekin batera, erantzukizun zibil gisa, Bozak saltokian lesionatutako zaindariari 232 euro ordaintzea eskatzen du.

Epai irmoaren zain

Ustezko lapurreta egin baino lehen, Boza behin-behinean aske zegoen, ‘La Manada’ko beste lau kideekin batera, Iruñean jasotako sexu-abusuei buruzko epai irmoaren zain.

Probintzia Auzitegiko Bigarren Atalak kaleratutako epaiaren kontrako errekurtsoen gaineko eztabaida eta epaiaren berri azaroaren 7an emango du Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Zigor Arloko Salak. Bigarren Atalaren epaiak bederatzi urteko kartzela-zigorra ezarri zien ‘La Manada’ taldeko kideei, 2016ko sanferminetan nagusitasun-egoeraz baliatuz sexu-abusuen delitu jarraitua egin izana egotzita.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Delituak azken ordukoa Epaiketak bideoak Gizartea Eguneko albisteak Eguneko albisteak ‘La Manada’ auzia