Gizartea -
TRAFIKOA
% 80rainoko deskontuak, AP-8ko Irun-Behobia zatia erabiltzen dutenentzat
Bidegik deskontuak aplikatuko dizkie errepide zati horretako erabiltzaileei Irungo Hegoaldeko ingurabidea amaitu bitartean.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Bidegik % 80rainoko deskontuak aplikatu dizkie Ventas (Irun) eta Behobia arteko AP-8 autobideko erabiltzaileei, Hegoaldeko ingurabidea amaitu bitartean. Hain zuzen ere, Gipuzkoako Foru Aldundiak lotune erdia egingo du Behobia eta Irun-Hesiko ordainlekuaren artean.
Atzo, Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusia eta Aintzane Oiarbide Bide Azpiegituretako diputatua AP-8ko lotune erdiaren lanak bisitatzen izan ziren.
"Irun ingurua auto-ilaren arazoak jasaten ari da, muga aldean kokatuta egoteagatik, hiriak berak dituen arazoekin batera. Hegoaldeko ingurabidea bukatzen ez den bitartean, auto-ilaren arazo horiek, gehiago edo gutxiago, jarraitu egingo dute. Beraz, Aldundiak saihesbide tratamendua emango dio autobide zati horri, Kateatik Behobiaraino", esan zuen Olanok.
Erabiltzaileek lehen bidaiatik izango dituzte deskontuak. "Katea eta Behobia arteko lehen joan-etorritik aurrera, % 50eko deskontua egongo da, eta 20 joan-etorritatik aurrera, berriz, % 80ko deskontua", zehaztu zuen.
Deskontu horiek eskuratzeko, beharrezkoa izango da Abiatu ordainketa-sistema edukitzea, eta deskontu programaren barruan egotea; beraz, metodo horretara harpidetutako gipuzkoar guztiek eskura ditzakete deskontu horiek.
Bestalde, lotune erdiaren obrak abenduan esleituko dira, eta lanak, berriz, abendua eta urtarrila bitartean hasiko dira, 12 hilabeteko iraupenarekin.