Gizartea -
ISTRIPUA
19 urteko mutil bat hil da Urdiainen izan den auto-istripuan
Zubiko hesia jo, eta Arakil ibaira erori da lau gazte zeramatzan autoa. Hil den gaztea Altsasuko Iñigo Aritza ikastolako ikasle ohia zen, eta gogoan izan dute gaur, Nafarroa Oinez jaian.
EITB.EUS
Nafarroako suhiltzaileek jakitera eman dutenez, 19 urteko mutil bat hil da azken orduetan Urdiainen izan den auto-istripuan.
Twitter bidez zabaldutako informazioaren arabera, auto bat Arakil ibaira erori da, zubi baten hesia jo eta gero. Lau pertsona zihoazen autoan istripua izan denean, eta horietako bat hil egin da. Ezbeharra 06:00ak aldera gertatu da.
Foruzaingoak zehaztu duenez, hildakoa autoaren gidaria zen. Gainerako hiru pertsonak (21 urteko bi gazte, tartean) ospitalera eraman dituzte, baina zauri arinak zituzten. Batek buruan kolpea zuen eta konorterik gabe zegoen, baina bere onera etorri da. Beste batek begian zuen kolpea.
Hildakoa Altsasuko Iñigo Aritza ikastolako ikasle ohia zen. Gaur, hain zuzen ere, Nafarroa Oinez ikastolen jaia ospatzen ari dira bertan, eta atsekabetuta agertu dira antolatzaileak. Jaiaren irekiera ekitaldian, hildakoa eta haren familia gogoan izan dituzte Iñigo Aritza ikastolako ordezkariek.