Gizartea -

ELKARRIZKETA

'Memoria Eraikiz', indarkeria matxistaren biktimei ahotsa eman nahi dien erakusketa

Mugarik Gabe GKEk eta HortzMuga Teatroak elkarlanean egin duten jakintza-alor anitzeko instalazio artistikoa asteburuan estreinatuko da Amurrion. Aurrerago, beste toki batzuetan ikusgai izango da.

'Memoria Eraikiz' erakusketa Amurrion estreinatuko da asteburuan. Argazkia: Mugarik Gabe
'Memoria Eraikiz' erakusketa Amurrion estreinatuko da asteburuan
'Memoria Eraikiz' erakusketa Amurrion estreinatuko da asteburuan. Argazkia: Mugarik Gabe

ONINTZA AIESTARAN | EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Mugarik Gabe gobernuz kanpoko erakundeak eta Hortzmuga Teatroak elkarlanean egin duten "Memoria Eraikiz" erakusketa asteburuan estreinatuko da Amurrion. Indarkeria matxistaren biktima izan diren hainbat emakumeren testigantzak biltzen dituen jakintza-alor anitzeko instalazio artistikoa da.

Asteburuan Amurrioko Juan Urrutia plazatik igaro ondoren, Euskal Herriko beste zenbait eta hiritan ikusi ahal izango da.

Estreinaldi horren harira, Lidia Ruiz Gomez Mugarik Gabe erakundeko kidearekin hitz egin dugu.

Hitz egiguzu urriaren 19tik 21era Amurrion ikusgai izango den "Memoria Eraikiz" erakusketari buruz

"Memoria Eraikiz" erakusketa asteburuan asteburuan estreinatuko da Amurrion eta martxora bitartean beste zenbait hiri eta herritan ikusi ahal izango da. Horrez gain, webgunearen bitartez bisita birtual bat egin ahal izateko lanean ari gara epe hori amaitzen denerako prest egon dadin.

Zein da erakusketaren helburua?

Erakusketa honetako gure helburua indarkeria matxista ezberdinen biktima diren emakumeen ahotsak entzunaraztea da. Haiei elkartasuna adierazi nahi diegu eta, gainera, genero indarkeriaren aurrean dugun erantzukizun kolektiboa ulertarazi nahi diogu gizarteari.

Gizarte gisa emakume horiengana gerturatzeko, horiek ezagutzeko eta "gutako bat bezala" aitortzeko ariketa bat egin behar dugu. Ez hori bakarrik, justizia eskatzeko prozesu horretan lagundu egin behar diegu. Horrez gain, beraien istorioei sinesgarritasuna ere eman behar diegu, beraiekin enpatizatu eta egungo gure historia sozialean, gure memoria kolektiboan, duten ahotsa aitortu. Indarkeria matxistak ez dira "batzuei" edo "besteei" gertatzen zaien zerbait, guztioi gertatzen zaigu eta, ondorioz, gizarte osoari. Hori dela eta, hausnarketa hau egin behar dugu: Nik, norbanako eta kolektibo bateko kide gisa, zer egiten dut indarkeria matxisten aurrean?

Erakusketak "Asfalto arteko loreak" izeneko ikerketan jasotako hainbat emakumeren kontakizunak biltzen ditu. Hitz egiguzu horretaz.

2016an Asfalto arteko loreak. Indarkeria matxisten kausak eta eragina biziraun duten emakume biktimen bizitzetan izeneko ikerketa argitaratu genuen. Bertan, El Salvador, Kolonbia, Guatemala, Euskal Herria eta estatu espainiarreko 28 emakume “adoretsuk” beren denbora eta testigantza partekatu zuten, justiziaren bila eta beraiei gertatu zitzaiena edo oraindik bizi dutena errepikatu ez dadin.

Istorio horiek oinarri hartuta, hainbat emakume adituk txosten bat egin zuten indarkeriak emakumeen bizitzetan duen eraginean sakontzeko: eragin psikosozialak, ekonomikoak, politikoak, mediatikoak, kulturalak,…

Beren bizi esperientzia partekatu zuten emakume horien esanetan, kontatze hutsa, entzuna izatea, bere horretan, sendatu eta erreparatu egiten duen zerbait da.

Erakusketaren bitartez, emakume horien ahotsak, hausnarketak eta proposamenak gure plaza eta kaleetara eraman nahi izan ditugu.

Zer da zehazki jakintza-alorreko instalazio artistiko horretan ikusi ahal izango duguna?

HortzMuga Teatro konpainiarekin batera egin dugu erakusketa eta beraien proposamena izan da bizipenetan oinarritutako erakusketa bat egitea. Bertan, askotariko diziplinak nahasten dira: dantza, irudiak, audioak, … Emakumeen ahotsak guri hitz egiten ari balitzaizkigu moduan entzutea, eramaten uztea, horrek emozionalki gerturatu egiten gaitu. Plano politikoan ere emakumeekin konektatzen da eta justizia eta erreparazio eskakizunetan nola lagundu dezakegun hausnartzen dugu.

Amurrion erakusketa Juan Urrutia plazan izango da. Zergatik espazio ireki batean? Tokiak ba al du garrantzirik?

MEMORIA ERAIKIZ ERAKUSKETA MUGARIK GABE KARPA

Argazkia: Mugarik Gabe

Dimentsio handiko karpa bat prestatu dugu, jendearen arreta pizteko. Sinbolikoki, gure herri eta hirietako plazak hartu nahi ditugu. Izan ere, indarkeria matxistak agenda politikoaren eta aldarrikapen sozialen erdian egon behar dute eta, zoritxarrez, oraindik ez daude.

Erakusketa ikustera gerturatzen direnek laguntzarik izango dute ala beren kabuz ikusi beharko dute?

Egunero 45 minutuko hainbat erakustaldi egingo ditugu eta bakoitzean 28 pertsonak parte hartu ahal izango dute. Erakusketa bi zatitan banatuta dago: Lehenengoak 30 minutuko iraupena izango du eta esperientzia bizitzeko balioko du; bigarrengoak, 15 minutu iraungo du eta biziturikoari buruzko hausnarketa egingo da. Zer egiten dut edo zer egin dezaket nik?

Amurrioren ostean, zein beste tokitan ikusi ahal izango da erakusketa?

Azaroaren 9tik 11rako asteburuan Donostiako Easo plazan egongo dara eta hurrengo geltokia Portugaleteko Solar plaza izango da azaroaren 19an. 2019. urteari begira, Gasteizen, Durangon eta Bilbon egongo gara. Dena den, agenda osorik kontsultatu ahal izango da Mugarik Gaberen webgunean.

Besterik esateko…

Hemendik erakusketa ikustera gonbidatu nahi dugu jendea. Indarkeria matxisten biktima izan diren emakumeekiko ditugun estereotipoak gainditu behar ditugu eta berakien enpatizatu. Eraldaketa bat bizi behar dugu, beraientzako justizia aldarrikatuz eta populazioaren erdiari eragiten dion eskubide urraketaren salaketan murgilduz.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Amurrio Tratu txarrak umeak Bilbo Donostiako azken albisteak Indarkeria matxista Espainian Portugalete EAE albisteak Artea Gizartea Eguneko albisteak Gasteiz berriak Durango Gaurko azken ordukoa Matxismoa Gizon eta emakumeen arteko berdintasuna Gobernuz kanpoko erakundeen albisteak Aiarako kuadrilla gaur