Gizartea -

Iparralde

Gazte bat hil da Urruñan, Poliziak atxilotu eta hiru egunera

Senitartekoek diotenez, pistola elektrikoa erabili zuten agenteek hura atxilotzeko, eta mutilak bihotzekoa izan zuen horren ondorioz. Baionako prokuradoreak ikerketa abiatu du.

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Hiru egunez koman egon ondoren, larunbatean zendu zen, Baionako ospitalean, Poliziak Urruñan atxilotu zuen gazte bat. Senideek Euskal Irratiei egindako adierazpenetan salatu dutenez, taser edo pistola elektriko bat erabili zuten agenteek hura atxilotzeko, eta gazteak bihotzekoa izan zuen.

Baionako prokuradoreak ikerketa abiatu du auzia argitzeko .

Bader Idrissi gaztearen aitaordeak Euskal Irratiei kontatu dienez, mutila urriaren 10ean, asteazkenarekin, atxilotu zuten Urruñako Pausu auzoan. Iturri polizialek azaldu dutenez, atxilotzeko unean oso urduri eta oldarkor zegoen gaztea, eta taser pistola erabili behar izan zuten hura geldiarazteko. Mutilak bihotzekoa izan zuen deskarga jaso ondoren.

Familiak dioenez, agenteek ez zuten behar bezain azkar artatu, eta ospitalera heldu zenerako koma egoeran zegoen. Autopsiaren emaitzaren zain daude orain.

 

 

Gertatutakoa salatzeko, manifestazioa deitu dute Bader Idrissiren senide eta lagunek larunbaterako, 15:00etan, Urruñako Pausu auzoan.

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Iparraldea argazkiak Gizartea Albisteak Gaur Gaurko azken orduko albistea