Gizartea -
NAFARROA OINEZ
Altsasuko Nafarroa Oinezera joateko 6.800 plaza gehiago eskainiko ditu Renfek
Irundik, Donostiatik, Gasteiztik, Tuteratik eta Iruñetik Ibilbide Ertaineko tren bereziak jarriko ditu Renfek urriaren 21ean, Altsasuko Nafarroa Oinez 2018 dela eta.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Nafarroa Oinez 2018 Altsasun izango dela eta, Renfek Ibilbide Ertaineko tren bereziak jarriko ditu urriaren 21ean. Guztira, ohi baino 6.800 plaza gehiago eskainiko dituzte. Trenak Irundik, Donostiatik, Gasteiztik, Tuteratik eta Iruñetik aterako dira.
Renfek 1.200 plazako tren bat programatuko du Irundik 08:26an. Tren hori Donostian, Lezo-Errenterian, Pasaian, Hernanin, Andoainen, Villabona-Zizurkilen, Tolosan, Ordizian, Beasainen, Zumarragan eta Legazpin geratuko da. Bestetik, Gasteiztik 09:52an aterako den trena Altsasuko geltokira helduko da eta ez ohiko geralekura.
Tuteratik eta Iruñetik Altsasurako ohiko trenez gain, Renfek beste bi zerbitzu gehiago eskainiko ditu. Horiek Iruñetik 08:55ean eta 10:45ean, eta Tuteratik 07:28an irtengo dira.
Itzulerari dagokionez, Renfek alderantzizko noranzkoan ere eskainiko ditu zerbitzu bereziak. Bueltatzeko trenak 17:22an hasiko dira eta 19:25era arte eskainiko dituzte. Tren horiek guztiek goizean egindako geldialdi berberak egingo dituzte.