Gizartea -

Urriaren 22tik 28ra

Emakumeen Mundu Martxaren nazioarteko topaketa egingo da Bilbon

Urriaren 27koa izango da topaketa horretako ekitaldi nagusia. Egun horretan, 'Feministon Herria' eguna antolatuko dute 'alternatiba feministak erakusteko eta guztion indarrak batzeko'.

Martxoaren 8ko protesta bateko irudia. Argazkia: EFE
Martxoaren 8ko protesta bateko irudia. Argazkia: EFE
Martxoaren 8ko protesta bateko irudia. Argazkia: EFE

ERREDAKZIOA | EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Emakumeen Mundu Martxa mugimendu feministaren XI. nazioarteko topaketa egingo dute gaur hasi eta igandera bitartean Bilbon. Guztira, 40 herrialdetako 130 emakume bilduko dira, eta hilaren 27ko 'Feministon Herria' eguna izango da ekitaldi nagusia.

Nazioarteko topaketaren inaugurazioa gaur egingo dute, Bizkaia Aretoan. 17:15ean, Areatzan elkartuko dira, eta 45 minutu geroago abiatuko dute ekitaldi hori.

Urriaren 27ko ekitaldiaren helburu nagusia "alternatiba feministak erakustea eta guztion indarrak batzea" da. Horretarako, besteak beste, Alternatiba Feministen Azoka prestatuko dute, Euskal Herrian dauden egitasmo feministak aurkezte aldera. Azoka ez ezik, solasaldiak, manifestazioa eta kontzertuak ere antolatuko dituzte.

Mugimendu feministak indarra du Euskal Herrian

Arduradunek aspaldi aurkeztu zuten topaketa. Orduantxe argitu zuten 2016an Mozambiken egindako hitzordu batean proposatu zutela bilera Euskal Herrian egitea, mugimendu feministak bertan indarra duela iritzita.

Horrez gain, "martxak Euskal Herrian duen izaera herrikoia" ere hartu zuten kontuan; izan ere, mugimendu askorekin loturak sortzeko duen gaitasuna erakutsi du urte askotan.

"Testuinguru orokorraz hausnartuko dute topaketako parte-hartzaileek, horrek guztiak emakumeen egoeran duen garrantzia aztertzeaz gain", azaldu zuten antolatzaileek. Halaber, "V. nazioarteko ekintza" planifikatuko dute 2020rako.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilbo berriak Gizartea Albisteak Gaur Albisteak Feminismoa gaur