Gizartea -
FRANTZIA
Gutxienez 13 pertsona hil dira Auden, uholdeen ondorioz
Gutxienez pertsona bat desagerturik dago. Zazpi helikoptero bertaratu dira, etxeetan harrapatutako pertsonak laguntzeko. 250 suhiltzaile eta 100 polizia erreskatean parte hartzen ari dira.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Gutxienez 13 pertsona hil dira Aude eskualdean (Frantziako hego-mendebaldea), azken orduetako euri-jasek sortutako uholdeetan, Michael Bernier larrialdietako bozeramaileak jakitera eman duenez.
Gainera, gutxienez pertsona bat desagerturik dago. “Hildakoen kopuruak gora egin dezake”, onartu du Barne Ministerioko bozeramaile batek BFMTV telebistan.
Alain Thirion prefetak azaldu duenez, zazpi helikoptero bertaratu dira, etxeetan harrapatutako pertsonak laguntzeko, baina eguraldi kaskarra lana oztopatzen ari da. Era berean, 250 suhiltzaile eta 100 polizia erreskatean parte hartzen ari dira.
“Teilatuetan harrapaturik dauden pertsonak ditugu. Aireontziak erabili beharko ditugu eurengana heltzeko, ontzietan ezinezkoa baita uraren indarragatik, arriskutsuegia da”, azpimarratu du.
Emmanuel Macron presidenteak eta Edoaurd Philippe lehen ministroak zonaldea bisitatuko dute. Ministerioen berregituraketa berehala iragarri behar zuen Eliseok, baina atzeratu behar izan du.
Conques-sur-Orbiel eta Villardonnel euri-jasek eta uholdeek gehien astindutako herriak dira. Urak etxebizitzetako lehen solairuko leihoak estali ditu. Aude eskualde munduan oso ezaguna da, Carcasonako Erdi Aroko hiria bertan dagoelako.
Bat-bateko uholdeak izan dira. Biktimetako bat urak eraman du lo egiten ari zenean, Thirionek azaldu duenez. Bost orduko tartean, “160 eta 180 milimetro ur bota ditu Carcasonan”, departamentuko hiriburuan, prefetak zehaztu duenez. Bost hilabeteko prezipitazioak direla nabarmendu du.
Oraingoz, zonaldean ur mailak gora egitea espero dute; izan ere, goizeko azken ordura arte erruz botako du. Aude eskualdeko ikastetxeak itxita izango dira, eta bizilagunei etxean egoteko gomendioa eman diete.