Gizartea -
2017an gertatutakoa
Hilketa baten berri emateko dei anonimoa egin zuen gizona atxilotu dute Getxon
Telefono deian entzuten zen ahotsaren jabea identifikatzeko laguntza eskatu zuten ikertzaileek, 2017an 81 urteko gizon baten hilketarekin zerikusia zuela uste zuten eta.
Agentzia | Erredakzioa
Espainiako Poliziak gizon bat atxilotu du Getxon, 2017ko otsailaren 4an Santanderren izandako hilketa batekin zerikusia duelakoan. 81 urteko gizona itota hil zen Beato de Liebana kaleko garaje batean, lapurreta jasan ostean. Biharamunean, Gasteizko telefono kabina batetik egindako dei anonimo bati esker aurkitu zuten hilotza.
Duela gutxi, irailaren 26an, deiaren egilea identifikatzeko laguntza eskatu zuen duela gutxi Poliziak. Herritarrek lagunduta, bada, topatu eta atxilotu dute gizona, Getxon.
Gertakariak 2017ko otsailaren 4an jazo ziren, Santanderren. Agenteek 81 urteko gizon baten gorpua topatu zuten garaje batean. Ikertzaileek gerora jakin ahal izan zutenez, lapurreta izan zen hilketaren eragilea. Lapurrek biktima garajean harrapatu, eta eskuak lotuta eta ahoa estalita utzi zuten, eta bertan hil zen, itota.
Gero, gizonaren etxera joan ziren eta kutxa gotorrean zituen bitxiak lapurtu zizkioten gizonaren bikotekideari. Hari ere, eskuak lotu zizkioten.
Biharamunean, 09:02an, gizon ezezagun batek deia egin zuen Madrilgo Gurutze Gorrira gertatutakoaz ohartarazteko. Gasteizko Paula Montal kaleko telefono kabina batetik egin zuen deia.
Irailaren 26an dei anonimoaren egilea identifikatzeko laguntza eskatu zuen Espainiako Poliziak, deia bera argitaratuz. Horri esker atzeman ahal izan dute.