Gizartea -

Gaztelueta auzia

Gazteluetako gaztearen psikiatrak dio ezinezkoa dela haren kontakizuna gezurra izatea

Beraren ikaskideen aurrean "barregarri utzi izanak" mutikoari "min handia" eragin izan ziola ziurtatu dute medikuek, eta gaur egun oraindik "trauma hori ezin izan duela gainditu" azpimarratu dute.

Gaztelueta epaiketa
Gaztelueta epaiketa
Gazteluetako biktima artatu zuten psikiatrek eta psikologoak deklaratu dute

1:42

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Iñaki Vilar psikiatrak Leioako (Bizkaia) Gaztelueta ikastetxeko ikasle ohiaren egoeraren berri eman du astelehen honetan Bizkaiko Lurralde Auzitegian, gazteak salatutako sexu-abusuak direla eta bertako irakasle baten kontra egiten ari diren epaiketaren laugarren saioan. Medikuak azaldu duenez, "ezinezkoa da 12 urteko mutiko batek sexu-abusuak pairatu dituela asmatu izana, eta hamar urtez kontakizun horri koherentzia osoz eustea". Halaber, gazteak gar egun 22 urte dituen arren, "oraindik min handia" pairatzen jarraitzen duela gaineratu du.

"Ezinezkoa da gazteak esandakoa gezurra izatea, psikosi agerraldi bati erantzutea edota bestelako gaixotasun psikiatriko baten ondorioz kontakizuna asmatu izana", esan du azken zazpi urteotan Gazteluetako ikasle ohia artatu duen psikiatrak. "Trauma batek eragindako sindromea dauka, bi urtez -2008tik 2010era- bizipen beldurgarria bizi izan zuelako bere tutorearen eskutik. Haren ikaskideen aurrean barregarri utzi zuen, eta, geroago, bere gorputza erabili zuen iraindu eta nahi zuen guztia egiteko. Horretan datza tortura", esan du medikuak.

Gazteak jarritako salaketaren arabera, duela hamar urte jasan zituen sexu-abusuak, Bigarren Hezkuntzako lehen eta bigarren mailako ikasketak egiten ari zela. Fiskaltzak hiru urteko kartzela-zigorra eskatu du haren irakasle izan zenarentzat, "sexu-abusu jarraitua" egotzita. Ikasle ohiaren familiaren abokatuak, berriz, hamar urteko kartzela-zigorra eta biktimarengana urreratzeko debekua jartzea eskatzen du akusatuarentzat.

Defentsak, ordea, akusatua aske uzteko eskaera egin du. Izan ere, orduan adingabea zenaren salaketa "oroitzapen faltsuetan" oinarrituta dagoela dio. Dena dela, gaurko saioan epailearen aurrean deklaratu duen psikiatra adituak berretsi duenez, ikasle ohiak "ez du gezurrik esan", baina epaimahaiak egindako galderak oinarri hartuta bere bizipenak kontatzen dituela esan du.

Alabaina, orain arte ezin izan dela gaztearekin elkartu zehaztu du psikiatra adituak, eta epaimahaiaren aurrean esandakoa kontuan izanik ondorio horiek atera dituela esan du. Halaber, frogatutzat eman du ikaskideek tratu txarrak eman zizkiotela klasean eta sare sozialen bidez, baina salatutako sexu-abusuak "oraindik frogatzeke" daudela azpimarratu du. Gaur deklaratu duten mediku guztiak -psikologo bat eta bi psikiatra- bat etorri dira esanez iritzi profesionala eman ahal izateko ezinbestekoa dela ikasle ohiarekin aurrez aurre egotea, gaztea bertatik bertara ikusi eta entzuteko.

Iñaki Viarrek nabarmendu duenez, hamar urte igaro diren arren "kontakizun horri koherentzia osoz eutsi dio gazteak".

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Azken ordukoa Bizkaia EAE albisteak Epaiketak Gizartea Albisteak Gaur Leioa bideoak Albisteak Elizan izandako abusuen kasuak Eliza Katolikoa albisteak