Gizartea -
Indarkeria matxista
Gizon batek larri zauritu du semea eta arin emaztea Aranjuezen
Lehen datuen arabera, gizonak labanaz eraso dio emakumeari, baina semea tartean sartu da, saihesteko asmoz. Hainbat labankada jaso ditu toraxean eta lepoan.
Agentzia | Erredakzioa
19 urteko mutil bat oso larri dago eta 52 urteko haren amak zauri arinak ditu, aita eta senarrak labanaz eraso egin ostean. Indarkeria matxista kasua Aranjuezen (Madril) jazo da, goizean (09:30 aldera), Madrilgo Larrialdi Zerbitzuak jakinarazi duenez.
Iturrion arabera, erasotzaileak emakumearen aurka egin du, baina semea tartean sartu da eta hark jaso ditu labankadak. Besteak beste, toraxean eta lepoan ditu zauriak.
Almansa kaleko 17. zenbakian bikoteak duen etxean jazo da erasoa, eztabaida baten ostean. Zauritutako seme-amak 12 de Octubre ospitalera eraman dituzte. Mutila oso larri dago, odol asko galdu baitu.
Poliziak gizona atxilotu du.
___________________________________
Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan.