Gizartea -
Epaia
6 urteko itxialdia bete beharko dute bi gazteek Otxarkoagako hilketagatik
Hirugarrena, berriz, absolbitu egin du epaileak, hilketan erantzukizunik ez zuela izan uste baitu.
eitb.eus
Epaileak sei urteko itxialdia ezarri die Otxarkoagako adineko bikotearen 14 urteko bi hiltzaileei. Hirugarrena, berriz, absolbitu egin du epaileak.
Adin txikiko biei zigorrik handiena ezarri die, 6 urteko itxialdia bete beharko dute. Pasa den hilean izandako epaiketan, adineko bikotea hil izana aitortu zuten biek. Zumarragako adin txikikoen egoitzan jarraituko dute, beraz.
16 urteko gazteak, ostera, ez du erantzukizunik Otxarkoagako adineko bikotearen heriotzan. Sententziak dio ez dagoela froga nahikoa ziurtatzeko gertatutakoaren erantzule intelektuala denik. Horregatik, epaileak absolbitu egin du.
Fiskaltzak 10 urteko itxialdia eskatzen zuen zaharrenarentzat eta 6 urteko itxialdia gazteenentzat bi delitu egotzita: indarkeriazko lapurreta eta hilketa.
Epaileak, ostera, dio ez zela hilketa izan, baizik eta homizidioa, egileek azpikeria gabe jokatu zutela argudiatu baitu.
Ezbeharra urtarrilaren 18an gertatu zen Otxarkoaga auzoko Zizeruena kalean. Goizeko 9ak aldera, 14 urteko bi gazteak leihotik sartu ziren agureen etxera. Behin barruan zeudela, 87 urteko bikotea jipoitu eta arma zuriekin eraso zuten hil ziren arte.
Epaiketa amaitu eta bi astera, sententzia ezagutzera eman da gaur (ostirala). Epaia ez da irmoa, eta Bizkaiko Probintzia Auzitegian apelazio errekurtsoa aurkeztu dezakete.