Gizartea -
Nobel Saria
Denis Mukwegek eta Nadia Muradek jaso dute Bakearen Nobel saria
Sexu indarkeria gerrarako arma gisa eta gatazka armatuetan ez erabiltzeko egindako lanagatik saritu dituzte Mukwege eta Murad.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Denis Mukwege kongoarrak eta Nadia Murad irakiarrak lortu dute 2018ko Bakearen Nobel saria, sexu indarkeria gerrarako arma gisa eta gatazka armatuetan ez erabiltzeko egindako lanagatik, Nobelaren Batzorde norvegiarrak hala erabakita.
Mukwegek (1955) "urteak daramatza gerra garaietan sexu indarkeria jasan duten biktimak defendatzen", eta Murad, berriz, "biktima horien aurka burututako sexu gehiegikerien berri eman duen lekukoa" izan da, argudiatu du Nobelaren aipatu batzordeak.
Mukwege sendagileak eta harekin lan egiten duen taldeak "erasoa jasan duten hainbat lagun artatu dituzte, bortxaketa masiboen zigorgabetasuna gaitzetsi dute eta Kongoko zein beste herrialde batzuetako gobernuak gogor kritikatu dituzte, emakumeen aurkako indarkeriaren kontra urratsik ez emateagatik".
Muradi (1993) dagokionez, "Estatu Islamiarraren estrategia militarraren biktima izan da". Izan ere, sexu abusuak jasan dituzten 3.000 haur eta emakumeetako bat izan da. Gainera, hiru hilabetez gatibu egon ostean, ihes egitea eta jasandako abusuak salatzea lortu zuen.
"Ordura arte bizitakoari buruz hitz egiteko eta beste biktima batzuei laguntzeko adorea izan zuen", esan du Nobelaren Batzordeak.
Medikuntzaren saria eman zuten lehenik, eta hilabete baino gutxiagoko epean, Fisikaren, Kimikaren eta Bakearen Nobelak banatu dituzte. Ekonomia Nobelaren sariduna, berriz, astelehenean ezagutaraziko dute.