Gizartea -

Indarkeria matxista

Epaile batek tratu txarren biktima bat iraindu du Madrilen

Emakumeak kexa aurkeztu du Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiaren aurrean. Epaitegiko judizio-aretoan grabatutako bideo batean entzun daitekeenez, 'putakumea' eta 'maltzurra' deitzen dio epaileak

Judizio-aretoan grabatutako bideotik hartutako argazkia. EiTB
Epaile batek tratu txarren biktima bat iraindu du Madrilen

1:14

Agentzia | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Indarkeria matxistaren biktima batek haren auzia ikertzen ari den Madrilgo epailea salatu du, judizio-aretoan grabatutako bideo batean emakumearen kontra botatako irainengatik. Grabazioa entzun daitekeenez, "putakumea" eta "maltzurra" deitzen dio.

Emakumeak kexa-idazkia aurkeztu du Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiaren aurrean, eta horrek izapide informatiboak abiatu ditu ostegun honetan. Francisco Javier Martinez Derqui Madrilgo Genero Indarkeriako 7. zenbakiko epaileari inpartzialtasun falta, etsaitasuna eta prebarikazioa egozten dizkio emakumeak, eta errekusatzea eskatu du.

Epailea emakumearen dibortzioko demanda (bi seme-alaben jagotea tartean) eta tratu txarren bi salaketak ikertzen ari da. Bikotekidea mehatxuengatik eta tratu txar psikologikoak emateagatik salatu zuen emakumeak, eta Poliziak muturreko arriskuan zegoela ebatzi zuen.

Dibortzioko demandaren saioa behin amaituta, epaitegiko judizio-aretoaren grabazio ofizialean entzun daitekeenez, epaileak "putakumea" eta "maltzurra" deitzen dio emakumeari, eta honakoa eransten du: "Ikusiko duzu nolako disgustua hartuko duen seme-alabak aitari eman behar dizkiola jakiten duenean, gauean 'Salvame' telebista programan egongo da ni larrutzen". Bideoa SER irrati kateak atera du.

Izatez, kamerak grabatzeari utzi behar zion auzi-saioa amaitzerakoan, baina nonbait ahaztu egin zitzaien gelditza. Elkarrizketan fiskalak eta Justizia Administrazioaren abokatuak ere parte hartzen dute.

 

 

 

Hirurak barre artean mintzatzen dira auziaz, eta biktima epaiketan ez egoteko arrazoiak zalantzan jartzen dituzte —babes-agindua kentzen ziotela jakitean, larritasun krisia eduki zuen emakumeak, eta Madrilgo Printzesa ospitaleko larrialdietara eraman behar izan zuten—. Abokatuak dioenez, "dena emakumeak prestatutako amarru bat dirudi", eta epaileak erantzuten du: "Bai, a zer nolako putakumea".

Fiskalak eta abokatuak errekusazioa onartu dute

Biktimak hirurak errekusatzea eskatu du, "inpartzialtasun falta" eta "etsaitasun argia" egotzita. Fiskalak eta abokatuak eskaera onartu, eta kasua utzi dute.

Francisco Martinez Derqui epaileak, ordea, idazkia aurkeztu du. Hala, Madrilgo Lurralde Auzitegiak erabaki beharko du errekusazioaren inguruan.

Epaileak SER irrati kateari adierazi dionez, "esan dezakedan bakarra da elkarrizketa pribatu bat dela, modu bidegabean grabatua. Nire jurisdikzio jardunetik kanpo dago, espazio itxi batean grabatua, eta erabilera bidegabea egiten ari dira".

___________________________________

Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Tratu txarrak Indarkeria matxista Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Madril Tratu txarren biktimak Matxismoa