Gizartea -

Kimikaren Nobel Saria 2018

Arnold, Smith eta Winter kimikariek lortu dute Nobel saria

Gizateriaren arazo kimikoei irtenbidea ematen dieten proteinak garatzeagatik irabazi dute Kimikaren Nobel saria.

Frances H. Arnold, artxiboko irudi batean. Argazkia: EFE
Frances H. Arnold, artxiboko irudi batean. Argazkia: EFE
Frances H. Arnold, artxiboko irudi batean. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Frances H. Arnold eta George Smith kimikari estatubatuarrek eta Gregory P. Winter britainiarrak lortu dute Kimikaren Nobel saria, genetikaren arloan egindako lanagatik. Hain zuzen ere, "gizateriaren arazo kimikoei irtenbidea ematen dieten proteinak garatzeagatik" irabazi dute saria, Suediako Zientzien Errege Akademiak iragarri duenez.

Astelehenean, Medikuntzaren Nobel sariaren irabazleen berri eman zuten, atzo Fisikako Nobelarena eta gaur Kimikakoarena. Ostegunean, berriz, Bakearen Nobel saria emango dute, eta ostiralean eta astelehenean jakinaraziko dituzte ekonomialari saridunen izenak.

Kimikari saridunei dagokienez, Arnoldek "entzimen eboluzioarekin" lotuta egindako beharragatik lortu du saria. Smithen eta Winterren lanak, berriz, "peptidoen eta antigorputzen fagozitatuekin" du zerikusia, Suediako Zientzien Errege Akademiaren arabera. Laborategian erabilitako teknika bat da aipatutakoa, proteina-proteina, proteina-peptido eta proteina-DNA interakzioen ikerketan erabiltzen dena.

Hala, Nobel sariaren epaimahaikideek nabarmendu dute gaur egun hiru kimikari horiek garatzen ari diren metodoek industri kimiko ekologikoak sustatuko dituztela nazioartean. Gainera, material berriak sortzeko, bioerregai jasangarriak ekoizteko, gaixotasunak arintzeko eta bizitzak salbatzeko aukera emango dute.

Entzimei zuzendutako lehenengo eboluzioa egin du Kaliforniako Teknologia Institutuko Frances Arnoldek. Proteina horiek erreakzio kimikoak katalizatzen dituzte, eta bioerregaiak zein botika-produktuak ekoizteko aproposak dira.

Bestalde, fagozitatuekin egin du lan Missouriko Unibertsitateko George Smithek. Hark garatutako teknikari esker, bakteriofagoak edota bakterioak kutsatzen dituzten birusak erabil daitezke proteina berriak sortzeko.

Bukatzeko, fagozitatuez baliatu da Cambridgeko Biologia Molekularraren Laborategiko Gregory P. Winter botika-produktu berriak ekoizteko. Izan ere, fagozitatuen aurkezpenari esker, toxinak neutralizatu, gaitz autoimmuneei aurre egin eta minbizi metastasikoa osa ditzaketen antigorputzak sortu ditu.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Nobel sariak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Sendagaiak